Lastaolako zubia erori zen pasa den larunbatean, eta horren inguruko informazioa jasotzeko, «Zerbitzu Sozialen presazko Batzordea deitzeko» eskatu dio idatziz PSE-EE udal taldeak udal gobernuari.
Azalpenik ez
Ricardo Crespo bozeramaileak azaldu duenez, PSE-EEk Batzordea eskatzea erabaki du «egunotan larunbatean erori zen zubiaren inguruan EH Bilduren udal gobernuak informazio edota azalpenik eman ez duelako».
Prentsa-oharrean dio Zerbitzu Publikoen Batzordea uztailaren 26an izan zela, udaran: «Hirigintza Batzordean ere landu ahal izango litzake Lastaola poligonoko sarrerako zubiaren egoera, baina hori ere hilabetean hiru-lau aldiz deitzen da, eta bertan ere, ez da informaziorik eman».
Crespo kexatu da: «Hernaniko zubi bat erori dela komunikabideen edo sare sozialen bidez berri izatea ez da onargarria». Dioenez, «Udalaren azpiegituren mantenua haren erantzukizuna da, eta argi dago zerbait gertatu dela eroritzeko».
Besteak beste dio, komunikabideen bidez jakin dutela azkeneko informazioa: «URAk hasi duela zubiaren hondakinak presaz jasotzen eta Udala eraistea aztertzen ari dela, eta aurrekontu bat daukatela».
«Iluntasun eta opakutasun honen aurrean, egoerari argia eman nahi diogu»
Hainbat zalantza
Nabarmendu du, baita ere, «zonalde honek arrisku nabarmena duela urez gainezka egiteko, eta gainera, ekintza industriala bizi dauka».
Horren guztiaren inguruan sozialistek hainbat zalantza dauzkatela diote: noiztik dakien Udalak, zein neurri hartu diren, zergatik gertatu den edota gauza bera gertatu daitekeen Hernaniko beste txokoren batean.
Horrek guztiak, bultzatu ditu sozialistak eskaera egitera: «iluntasun eta opakutasun honen aurrean, egoerari argia eman nahi diogu EH Bilduk nahi ez duen horretan».