Finalean da Oier Gurutzealde!

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 18a, 13:16

Domina batekin bueltatuko da Oier Gurutzealde astigartarra, seguru, Bartzelonako Munduko Txapelketatik. Izan ere, finala jokatuko dute larunbatean, Frantziaren kontra, semifinaletan Kuba kanporatu ondoren.

Eneko Maiz billabonatarrak jokatu du semifinala, eta erraz nagusitu zaio Jhon Silver Linaresi, bi setak irabazita: 15-4 eta 15-5.

Orain, zain dago Gurutzealde, jakiteko zein aukeratuko duen hautatzaileak, finala jokatzeko: bera edo Maiz. Berak jokatzea zaila ikusten du astigartarrak, Maizek «sekulako maila» eman duelako «partidu garrantzitsuetan». Edozein kasutan, jokatu duen bakarra nagusitasunez irabazi du astigartarrak, Uruguayren kontrakoa.

Finalean, Frantzia izango dute kontrario, eta Battitta Ducassou itxasuarrak jokatuko du, ia seguru. Berak jokatu ditu orain arteko partidu guztiak. «Gu lasai aterako gara kantxara, presiorik gabe, ez baitaukagu ezer galtzeko. Eta ea sorpresa ematerik daukagun!», azaldu du Gurutzealdek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!