Akarregiko bidegorria konpontzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 18a, 02:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mu­gi­kortasuneko diputatu Mari­sol Garmendiak eta Her­na­niko alkate Luis Intxauspek hitzar­mena sinatu dute Aka­rregiko bidegorria egokitzeko, eraberritzeko, seinaleztatzeko eta mantentzeko. 908 metroko bide-zati honek 96.000 euroko kostua du eta Foru Aldundiak finantzatuko du.

Plazaolako Bidearekin bat
Akarregi industrialdetik pasa­tzen den bizikletentzako eta oinezkoentzako 908 me­troko bide-zatiak Hernani eta Do­nostia lotzeko bidea osa­tuko du, eta, gainera, ibilbide hori Leitzatik pasatuz, Irur­tzu­ne­raino iristen den Pla­za­olako Bide Berdearekin lotu­ko du. Bi­de hori osatzeko, hiru kilo­metro besterik ez dira falta. Proiektu horri esker Donos­tiatik Irur­tzunerainoko 75 kilo­me­troko ibil­bide bat osa­tuko da, eta zati erabakigarria izango da Burun­tzaldeko mu­gi­kortasun jasan­garri eta osasungarrirako.

96.000 euroko aurrekontua
Foru Aldundiak finantzatuko duen bidegorri honen aurre­kontua 96.000 eurokoa da; lanak datorren azaroan hasi­ko dira eta sei asteren buruan bukatuko dira; aurreikus­pe­nen arabera, 2018. urtea bu­katu aurretik.

Marisol Garmendia Mugi­kor­­tasuneko diputatuak esan zuenez, «bide hau apustu es­tra­tegikoa da Foru Aldun­dia­­­rentzat, Buruntzaldeko esku­al­dean eta Gipuzkoa osoan bizikleta erabiltzea eta mugi­kortasun jasangarria eta osa­sun­garria sustatzearen alde egindako apustuan. Ia kilo­metro bat izango duen zati horrekin osatuta geratuko da bidea, eta funtsezkoa da, beraz, ibilbide hori amaituta eta herritarrek erabiltzeko prest gera dadin».

Luis Intxausperen hitzetan, «Udalak mugikor­tasun jasan­ga­rriarekiko kon­pro­miso sen­doa du eta bide­go­rrien sarea hobetzea eta za­bal­tzea albiste ona da herna­ni­arrontzat».

Akarregiko bidegorrian, bes­­teak beste, zorua kon­pon­duko da, asfal­toa oso honda­tuta baitago. Ho­rrez gai­n, seinale berti­ka­lak eta hori­zontalak jarriko di­ra, bizi­kleten eta oinezkoen trafi­koa banatzeko; bidegorria zati batzuetan zabaldu egingo da; eta zebra-bideak igo egin­go dira segurtasunagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!