Guardia Zibilak Karlos Apeztegia preso ohia atxilotu zuen Hernanin atzo eguerdian. Etxerat-en egiten du lan, eta Auzitegi Nazionalaren aginduz atzeman zuten, Etxerat-eko bulegotik ateratzekoa zenean. Intxaurrondoko kuarteletik pasa ondoren, Madrilgo Audientzia Nazionalera eraman zuten, eta gaur pasako da epailearen aurretik.
Espainiako Barne Ministroak azaldutakoaren arabera, atxiloketa 'Lenteak' operazioaren barruan egin da. Apeztegiari egozten zaio kartzelan zela ETAri hainbat funtzionarioren datuak eman izana, orain urtebete Frantziak Espainiari emandako txostenetan agertzen denaren arabera.
2013ko maiatzean askatu zuten Apeztegia, 21 urteko kartzela zigorra beteta.
Manifestazioak atzo eta gaur
Atxiloketa salatzeko eta egoeraren berri emateko bilera informatiboa eta manifestazio jendetsua egin ziren atzo iluntzean Hernanin, Sortuk deituta. Gaur ere atxiloketa salatzeko beste manifestazio bat egingo da, Sarek deituta, iluntzeko 20:00etan.