Ez dio momentu gozoari bukaera eman nahi Mundarrok, Erregional Preferenteen mailan; eta beste garaipen bat lortu zuten Mariñoren zelaian (0-3), larunbatean. Bosgarrena, beste horrenbeste partidutan. Sasoi ederrean hasi dute liga moreek, eta lider jarraitzen dute, oso sendo gainera.
Ostiralean lidertza galdu zuen Mundarrok, behin behinean, Santo Tomas Lizeoaren garaipenarekin. Baina bere tokia berreskuratzeko asmoz zelairatu ziren moreak larunbatean, Irunen, eta erritmo altua ezarri zuten hasieratik. Ederki mugitu ziren erasoan, eta gol aukera ugari izan zituzten, baina ez zuten asmatu atearen aurrean. Markagailuan aurreratu nahi izateak, presaz jokatzera ere eraman zituen, zenbaitetan. Baina azkenean, lortu zuten aurreneko gola, faltaz: area ertzetik, zuzenean sareetara bidali zuen baloia, Iñurrik. Eta hortik gutxira, areaz kanpotik jaurtita egin zuen bigarrena ere, Iñurrik berak, atsedenaren aurretik.
Bigarren zatia, nahasia
Atsedenetik bueltan, oraindik ere hobeto jarri zitzaion partidua Mundarrori: hasi eta berehala, Mariñoko jokalari bat kaleratu zuen epaileak, protestatzeagatik. Baina hala ere, moreek ez zuten jakin abantaila horrekin partidua kontrolpean izaten, eta nahasi egin zen partidua. Ez zen nabaritu Mariño bat gutxiagorekin zegoenik, eta hazi egin zen, gol aukerarik ez izan arren.
Hamar minuturen faltan sartu zuen Iñakik, Mundarrori lasaitasuna eman zion gola, hirugarrena. Garaipen honekin, 15 puntu dauzka Mundarrok, eta bi puntu atzetik dauka Santo Tomas Lizeoa.