Final haundia jokatuko dute gaur, Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena hernaniarrek. Munduko Pilota Batzarrak antolatutako torneoaren txapela bilatuko dute, Sopelako frontoian, Murillo nafarra eta Saez arabarra kontrario dituztela. Arratsaldeko 18:30etan izango da finala.
Semifinaletan, Olatz Arrizabalaga eta Ane Villanueva bizkaitarrak kanporatu zituzten hernaniarrek, 25-6 irabazita. Beste hernaniar bat ere aritu zen semifinaletan, Ariane Arrieta; baina Ibañez arabarrarekin batera, ez zuen aukerarik izan finalera sailkatzeko, oso nagusi izan baitziren Murillo eta Saez, eta 6-25 galdu zuten.