50 urte bete ditu aste honetan AA Santa Barbara taldeak

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 17a, 02:00

Astelehenean bete zituen 50 urte, Alkoholiko Anonimoen Santa Barbara Taldeak eta larunbatean 50garren urteurrena ospatuko dute. Hori horrela izanik, larunbaterako hitzaldi-solasaldi bat antolatu da, 12:00etan, Sandiusterriko aretoan. Bertan medikuntzan adi­tua den sendagile bat egon­go da, Alkoholiko Anoni­moak elkarteko kideak eta baita Al-Anon (familiarrak eta lagunak) elkarteko lagunak ere.

Lehenengo bilerak etxe partikularretan egiten ziren  eta pixkanaka, kide gehiago ba­tu zirenean, Gudarien Pla­zako lokal batean hasi ziren bilerak egiten, Luistarren lokalean hain justu. Orduan eratu zen Santa Barbara Taldea, 1968ko urriaren 15ean. 

Ondoren, gaur egun Mu­sika Eskola denaren bulego batera pasa zen elkartearen egoi­tza. Eta azkenik San­dius­terriko beheko solairuan jarri zen Santa Barbara Taldea eta bertan jarraitzen dute gaur egun.

Alkoholismoa, gaixotasuna 
Santa Barbara Taldeak adie­razi du, milioika pertsona izan direla, urte guzti hauetan, alkoholismoaren gaixotasuna geldiaraztea lortu dutenak, elkartearen eskutik: «alkoholismoa ez baita bizio bat, gaixotasuna baizik; sendaezina, progresiboa eta heriotza eragiten duena, baina geldiarazi daitekeena. Horretarako, disposizioa eta edateari uzteko nahi zintzoa behar dira».

Horregatik, gogorarazi du bere ateak zabalik dauzkala, Alkoholiko Anonimoen la­gun­tza nahi duten guztientzat: «alkoholarekin arazoak dauzkazula uste baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan».
Terapia bilera itxiak astelehenetan eta ostiraletan egiten dira. 19:00etatik aurrera ostegunetan, programaren es­kaintza dago interesatuen eskura eta asteazkenetan, 18:30­etan, sendiaren eta lagunen Al-Anon taldea biltzen da Sandiusterrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!