Bilerak gaur eta bihar, 2019ko aurrekontuak lantzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 15a, 11:02

Gaur eta bihar egingo ditu Astigarragako EH Bilduk, aurrekontu partehartzaileen azkeneko bi saioak. Ergobian jarri dute zita gaur, iluntzeko 19:00etan, Gastronomia Kultur Elkartean. Eta bihar, Santiomendin izango da saioa, Plazetxe aurrean, 19:30etan hasita. Bi horietan, landuko dituzte 2019ko udal aurrekontuak; eta Ergobiaren kasuan, baita auzoko zenbait kontu garrantzitsu ere: Ergobiako plazaren erabilera, URA agentziak uholdeak ekiditeko Akarregitik Ergobiako zubiraino egin duen proiektua, eta EH Bilduren aisialdi-gune estaliaren proposamena.
Gogorarazi dute, bilera irekiak direla, eta edozein herritar gerturatu daitekeela, dagokion auzoko bilerara zein beste batera.
Orain arte, hiru saio egin ditu EH Bilduk, aurrekontu partehartzaileetan: Perurenan, Oialumen eta Ermañan. Eta azaldu duenez, «ia guztietan gauza bera errepikatu da, urteak pasa eta guztiak berdin jarraitzen duela. Argi dago EAJren eraginkortasun eza auzoetaraino ere iritsi dela. Horregatik, saiakera berriak egingo ditugu auzoetako eskaerak behingoz gauzatzen edo, gutxienez, eskaera horiei erantzuteko data jartzen has daitezen».

Aurrekontuei buruz inkesta, interneten
Bestalde, inkesta ere jarri du martxan EH Bilduk, interneten, aurrekontuei buruz. Bertan, «hainbat gairen inguruan herritarrek duten iritzia» jaso nahi dute: «asmoa da, emendakinak ahalik eta aproposenak izatea, herritarren eskaerei erantzuteko». Horregatik, herritar guztiei luzatu die gonbitea, inkestak betetzeko, helbide honetan: https://docs.google.com/forms/d/1iYu5GQyjwS0sC9NBN-yoFiA8In6p8EannyeHmopqSx0/edit

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!