Etxebizitzaren Astea egiten ari da Hernaniko Kaleratzeak Stop taldea urriaren 2tik. Dagoeneko egin dituzte hainbat jarduera, eta larunbat honetan borobilduko dute, festarekin.
Bihar egingo dute asteko aurreneko ekintza; mahai-ingurua izango da, eta Eusko Legebiltzarreko parlamentariek hartuko dute parte: Maite Otamendi EH Bildutik, Irune Berasaluze EAJtik, Tinixara Guanche Elkarrekin Podemosetik, eta Patricia Borinaga PSE-EEtik. Etxebizitza arloko beren taldeko arduradunak dira denak.
Bestalde, Kaleratzeak Stop taldearen ordezkari gisa, Marce Garcia ere izango da bertan; Kaleratzeak Stop Euskadiko Etxebizitzaren koordinatzailea da Garcia.
Irati Sarasua arituko da moderatzaile-lanak egiten. Euskera-gaztelania aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da, baita zeinu-hizkuntzako interpretea ere.
Hitzaldia, etzi
Segidan, etzi, hitzaldia izango da, oraingo honetan, Gabriel Zelaia eraikineko Iturola espazioan. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Etxebizitzaren esperientzia berriak: erabilera lagatzeko kooperatibak gaia izango dute hizpide.
Gaia lantzeko, bertan izango dira Anna Rubio, Bartzelonako La Borda Kooperatibako kidea, eta Nahiko Arraiza eta Laura Muelas, Donostiako Abaraskako kideak. Beraiek bizitakoa, beren esperientzia kontatuko dute bertan.