Zubiko zertxan pitzadurak agertu eta hormigoi puxketak erori zirela ikusita, ostegunean itxi zuten trafikora Lastaola eta Epele poligonoak lotzen dituen zubia, Orona enpresaren atzealdean dagoena.
Hori ikusita, LKS Ingeniaritzako teknikariak lanean jarri ziren ondorioak eta konponbideak aztertzen. Atzo goizeko 07:00ak aldera, ordea, erori egin zen. Itxita zegoela-eta, ez da inor zauritu.
Gaurtik aurrera abixu horia dago iragarrita euriengatik.
Goizetik, konponbide bila
Zubia Udalarena da, eta beraz, konponbideak bilatzeari ekin zioten atzo goizetik udal teknikariek, URA agentziarekin eta Añarberekin, koordinazio-lanetan. Besteak beste, zubia ibaitik ateratzeko gestio-lanetan aritu ziren.
Lan horren emaitza gisa, URA agentziak Twitter bidez jakinarazi zuenez, arratsaldeko 18:30ak aldera iritsi ziren aurreneko bi makina hondeatzaileak «ibilgu erdian dagoen zatia eraitsi eta Urumearen emariari bide egiteko».
Izan ere, gaurtik aurrera abixu horia dago iragarrita euriengatik, eta zubia bertan egotea oztopo izan zitekeen ibaiaren emariarentzat.