Aurreko urtekoari buelta eman, eta adimen desgaitasuna duten pertsonek ere boluntario izan nahi dutela aldarrikatu nahi du Atzegik.
Gure txanda da lelopean aurkeztu berri du aurtengo kanpaina. Duela bi aste egin zuen aurkezpen ofiziala, eta astelehenean, Atsegindegin elkartu ziren Buruntzaldeako kide eta senitartekoak, baita Luis Intxauspe alkatea eta Isa Sanchez zinegotzia ere.
Gogorarazi zuten Buruntzaldean 153 familia direla bazkide, 98 bazkide-kolaboratzaile, eta 476 atzegizale daudela.
Helburu bikoitza
Atzegiko arduradunek azaldu zutenez, aurtengo kanpainak helburu bikoitza dauka: «alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea; eta bestetik, boluntario izateko aukera berriak izatea».
Izan ere, Atzegin uste dute «boluntariotza inklusio modu bat dela», eta «zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezaketela».
Erakutsi nahi dute, hain zuzen, «pertsona horiek duten desgaitasuna edozein delarik ere, gure gizarteari ekarpen baliotsua egin diezaioketela».
Deia, boluntarioekin lan egiten duten erakundeei
Horretarako, deia egin diete boluntarioekin lan egiten duten erakundeei: «boluntariotza aukera berriak lortu nahi ditugu».
Dagoeneko elkarlanean dihardute hainbat erakunderekin (Elikagai Bankua, Lilatoia, Ehunmilak edo San Silbestre desberdinak): «horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntario izateko esparruak zabaldu nahi ditugu».
«Babes osoa», Udalak
Luis Intxauspe alkateak aprobetxatu zuen Atzegiri Udalaren «babes osoa» helarazteko: «horrelako ekarpenak garrantzitsuak dira». yy