Ostegunean hil zen Rosi Arregi Izagirre hernaniarra, gaixotasun luze baten ondorioz. Eta besteak beste, berak utzitako hutsa sumatuko dutela nabarmendu dute, CD Hernaniko emakume korrikalarien taldetik. Izan ere, taldearen sortzaileetako bat izan zen Arregi, eta «marka» utzi duela azaldu dute: «mendira eraman nahi izaten gintuen beti; gogoan dugu nolako poza hartu zuen, denak Santa Barbarara igotzea lortu zuenean», kontatu dute.
Berak utzitako «indarra eta eredua» azpimarratu dute, eta azaldu dute, ibilbide bat ere utzi diela: «Rosiren bidea utzi diguzu; baina guk badakigu, ahuntzen bidea duzula zuk maite. Aldaparen xarmak zoriontsu egiten zintuen, ia guri zure solasak adina».
Bi bertso ere idatzi dizkiote, bere lagun korrikalariek, Agure zaharra doinuarekin:
Udazkena iritsi da
hostoen erortzea,
gorri laranja orlegiz
mantuaz estaltzea.
Zapatilak hartu eta
lagunak ikustea,
aitzakia izaten da
forma mantentzea.
Gaur ere bilduak gera
etorriak zu agurtzera,
zure bidea badugu bai
baina zu falta zera.
Mendaurretik Hernanira
denok zerura begira
lehen Lorea zena orain
baita izar dizdira.