Kiroldegiko aire makina berritzeko eskean EH Bildu, «berriz ere»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 13a, 02:00

Kiroldegiko aireztatze sistema «ez da nahikoa kiroldegi guztia aireztatzeko», EH Bi­l­duren esanetan. «Arazoa ez da berria, eta ez da uda honetara mugatzen». Horregatik, erabiltzaile asko kexatu egin direla azaldu du alderdiak, eta sinadura bilketa bideratu diotela Udalari eta Osasun Sailari.
EH Bilduk, berriz, azpimarratu du «aspaldi» eskatu zu­ela sistema berritzeko. «Azken eskaera maiatzean izan zen, aurrekontuaren kreditu aldaketaren espedientean. EH Bil­duk 50.000 euro proposatu zituen aireztatze makina erosi eta behin-betikoz aireztatze eta bero arazoak konpontzeko. EAJk eta PSE-EEk ezetz esan zioten eskaera horri. Urriaren hasieran EH Bilduk berriz egin zuen eskaera».

Bulegoaz gain, lan gehiago
Kiroldegiko bulegoak berritzeko lanak kontratatu ditu EAJk dagoeneko, baina EH Bilduk dio «aireztatzea konpontzea ez dela aurreikusten», eta badagoela dirua: «2018ko aurrekontuetan kirol inbertsioetarako 24.371 euro libre daude, eta beste 16.000 euro gehituz, aireztatzeko makina erosteko nahiko diru legoke».
Hala ere, EH Bilduk gogorarazi du «kiroldegiak oraindik lan ugari» dituela, egiteko, eta EAJk ez duela «inolako proiekturik landu, eta ez du inolako dirulaguntzarik lortu ezta es­ka­tu ere». Aurten egindako muskulazio gelako lanak «EH Bilduk egindako lanari esker egin ahal izan» direla nabarmendu du.

EAJk «zilegitasunik ez», EH Bilduri
EH Bilduren ustez, lanen «atzerapenaren arrazoietako bat EAJk EH Bildurekin duen obsesioa da». Bere ustez, «EAJk ez dio inolako zilegitasunik ematen EH Bilduri», eta horregatik, proposamen  guztiak bazter­tzen ditu. Orain, berriro ere, ara­zoa publiko egitean «ko­rrika eta presaka konpontzen saiatuko da EAJ».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!