Ez dira etxetik asko urrunduko, baina beste dimentsio batean sartuko dira bihartik, Aitor Gorrotxategi eta Amaia Irazustabarrena hernaniarrak, eta Oier Gurutzealde astigartarra. Pelotako Munduko Txapelketa jokatuko da Bartzelonan, bihar hasi eta urriaren 20ra bitarte, eta bertan izango dira hiruak: «esperientzia ederra da Munduko Txapelketa bat jokatzea, besteetatik oso ezberdina, eta pila bat ikasten da. Mailari eta jokoari dagokionez, aldaketa haundia da», nabarmendu du Irazustabarrenak.
Ez baitu aurreneko Mundiala izango, palista hernaniarrak; ezta Gurutzealdek ere. Mexikon izan ziren biak, duela lau urte jokatu zenean; eta 22 urtez azpiko mailan ere jokatu dute Munduko Txapelketa. Estreinatuko dena, Gorrotxategi da: «Munduko Kopa jokatu nuen iaz, Mundialerako txartela lortzeko; baina aurrenekoz izango naiz Munduko Txapelketan».
Ez da bera izango, ordea, urdurien egongo dena: «gauza hauek nahiko ondo eramaten ditut normalean, eta oso lasai egon naiz orain arte. Baina ziur semifinala edo finala iristen direnean, tripako kilimak hasiko direla... Oraingoz, jokatzen hasteko gogoarekin», dio berak. «Ba ni dardarka nago dagoeneko!», onartu du Irazustabarrenak: «baina gogotsu, luze egiten baita, apiriletik prestatzen hasita».
Sarrerak, aspaldi bukatuta
Gurutzealdek ere aipatu du, partidu garrantzitsu bat tokatzen denean, beti nabaritzen dela urduritasuna: «gainera, frontoiak beteta egongo dira; aspaldi saldu ziren sarrera guztiak. Nik duela hilabete begiratu nuen, familiakoek partiduak ikusi ahal izateko, eta dagoeneko ez zegoen bakar bat ere. Salgai jarri eta gutxira bukatu ziren». Zentzu horretan, Irazustabarrenak nabarmendu du, «giro polita» sortzen dela frontoian.
Sarrerarik gabe geratu direnek, hala ere, izango dute nola ikusi, partidu garrantzitsuenak: zuzenean emango dituzte, telebistan edo interneten, semifinalak eta finalak.
Amaia Irazustabarrena: «helburua irabaztea da beti»
30 metroko frontoian jokatuko du Irazustabarrenak, paleta argentinarra eta gomazko pelotarekin, binaka: «12 palista ginen preselekzioan, eta lau geratu gara azkenean; Maider Mendizabal anoetarra, Ingrid Ruiz murtziarra, Patricia Gonzalez kanariarra eta ni. Beraiek frontenisetik datoz, eta Maider eta biok ez gaude ohituta horrelako frontoietan; hemen ez daude. Txapa beherago dago, eta errebotea gertuago jartzen dute, mugikorra. Horregatik, Valentzian aritu gara entrenatzen; zortzi kontzentrazio egin ditugu, udara osoan zehar».
Lau taldeko bi multzotan ariko dira aurreneko fasean: «zaila tokatu zaigu, Frantzia, Kuba eta Uruguayrekin. Kuba eta Frantzia kontrario gogorrak dira, eta semifinaletara pasatzea da aurrenekoa. Baina helburua irabaztea da beti. Duela lau urte finalera iritsi ginen, baina Mexikoren kontra galdu genuen. Beste multzoan dago Mexiko».
Astelehenean hasiko dute txapelketa, Kubaren kontra, goizeko 09:00etan hasiko den jaialdian. Asteartean Uruguay izango dute kontrario, ordu berean; eta asteazkenean ere goizeko jaialdian, Frantziaren kontra. Aurrera eginda, ostiralean 15:00etan jokatuko dute semifinala, eta larunbatean 09:00etatik aurrera dominen lehia.
A. Irazustabarrena: «multzo zaila tokatu zaigu, eta aurreneko gauza semifinaletara iristea da. Baina helburua irabaztea da; duela lau urte, finalera iritsi ginen».
Aitor Gorrotxategi: «multzo erraza daukagu, baina gero...»
Irazustabarrenaren frontoi berean ariko da Gorrotxategi, baina txapa gorago jarrita eta errebote mugikorrik gabe; 36 metroko frontoia izango da. Eskuz binaka ariko da bera, beste hiru taldekiderekin: Xabier Santxo usurbildarra, eta Eneko Yoldi eta Mikel Beroiz nafarrak. Zortzi laguneko preselekziotik aukeratu zituzten. «Partidu bakoitzean bik jokatuko dugu, baina bezperara arte ez dugu jakingo zeinek», dio hernaniarrak.
Frantzia eta Mexiko izango dituzte, kontrario gogorrenak: «Frantziarekin Xala ariko da, eta Mexikon beti ateratzen dira pelotari onak. Irabazteko asmotan joango gara, baina kostako zaigu». Bi fase oso ezberdin izango ditu txapelketak, haientzat: «multzo erraza tokatu zaigu, Estatu Batuak eta Kubarekin; baina noski, gero Frantzia edo Mexikoren kontra jokatu beharko dugu semifinaletan, eta bietako edozein tokatuta ere, partidu oso gogorra izango da».
Finalean Xalaren kontra aritzea gustatuko litzaioke Gorrotxategiri: «badaramazkigu bi urte elkarrekin jokatzen, eta oso laguna dut, askotan egoten gara elkarrekin. Lehia polita izango litzateke finala bere kontra jokatzea; eta egia esan, Xalaren kontra irabazteak, beti ematen dio balio gehiago».
Astelehenean ekingo dio Gorrotxategik ere, 16:00etan hasita Kubaren kontra; eta ordu berean asteartean, Estatu Batuen kontra. Ostegunean 16:00etan izango dira bi semifinalak; ostiralean 10:00etan jokatuko da brontzea lortzeko lehia, eta larunbatean, 18:00etan hasita, final haundia.
Aitor Gorrotxategi: «Frantziarekin Xala ariko da; oso laguna dut, eta polita izango litzateke, finala bere kontra jokatzea. Hari irabazteak balio gehiago ematen dio».
Oier Gurutzealde: «saiatuko gara gerra ematen, eta zergatik ez, sustoren bat ere bai»
Trinketean ariko da, aldiz, Oier Gurutzealde: «buruz buru jokatzeko aukeratu naute, Eneko Maiz billabonatarrarekin batera. Astebetean lau edo bost partidu izango dira, eta beraz, partiduaren eta egoeraren arabera ikusiko dugu, zeinek jokatuko duen», azaldu du.
Eta bere kasuan, ez du zalantzarik egiten, faboritoak zein diren esateko garaian: «mexikarrak ere arriskutsuak dira, baina Frantzia jotzen da beti faborito, Iparraldeko pelotariekin. Beti horretan aritzen dira, eta profesionalak dira». Hain justu, astigartarra ere aurten hasi da Iparraldean jokatzen: «hemen betiko lau edo bostak gaude, antzeko maila batean, baina ez gara asko; eta hara jo dut, mailan koxka bat gora egiten saiatzeko. Hirugarren mailan hasi behar izan dut, bajuenean, baina bigarren mailara igo naiz datorren urterako. Ea pixkanaka hobetzen nijoan».
Hori horrela, «gerra pixka bat» emateko esperantza badauka astigartarrak; «eta zergatik ez, sustoren bat ere bai». Kiniela guztiak, behintzat, eginda dauzka aurrez: «hiru taldeko bi multzo izango dira, eta Mexiko eta Uruguayrekin gaude gu. Bestean Frantzia aurrenekoa izango da ziurrenik; beraz, ea biak irabazten ditugun, aurrena sailkatzeko, eta semifinalean Kubaren kontra jokatzeko, finalerako txartelaren bila. Mexiko gogorra izango da, ordea».
Astelehenean bertan, goizeko 10:00etan dauka zita, txapelketa hasteko, Mexikoren kontra; asteazkenean, ordu berean jokatuko dute Uruguayren kontra. Ostegunean izango dira bi semifinalak, 09:00etan hasita; ostiralean 11:00etan hirugarren eta laugarren postuetarako lehia, eta larunbat eguerdian, 13:00etan, finala.
Oier Gurutzealde: «trinketean Frantzia da faborito beti, profesionalak dira. Ea finalera arte saihesten ditugun, gure multzoan aurrena sailkatuta».
Bartzelonako frontoiak probatzen, orain bi aste
Kontrarioak, gutxi edo gehiago, ezagutzen dituzte hiru pelotariek; eta frontoiak ere, ez dituzte ezezagun izango. Orain bi aste izan ziren Bartzelonan, selekzioko kide guztiak, Espainiako Kopa jokatzen: «Mundiala prestatzeko aitzakia da gehienbat. Txuriz janzten zarenean, beti daukazu beste tentsio puntu bat, eta horretarako asmatu zuten kopa hau», dio Gorrotxategik.
«Baina oso ondo etortzen da, aurretik ikusteko frontoia nolakoa den, zein ezaugarri dituen, eta nola ibiltzen den pelota han», nabarmendu du Gurutzealdek: «trinketean, esaterako, nabaritu dugu nahiko bizia dela. Frontisetik asko ateratzen da pelota, eta lurrean ere ibiltzen da, pelota berria tokatuz gero. Gainera, hemengoak baino metro eta erdi edo bi metro luzeagoa da, eta banaka jokatzeko, asko nabaritzen da. Erreboteatu eta bueltatzeko urruti geratzen da, eta exijentea da».
Frontoia, aldiz, ez da hemengoen oso desberdina, Gorrotxategik azaldu duenez: «baina bai konturatu ginela, frontoi exijentea dela. Pelotak karga asko hartzen du, eta lur bizia dauka. Frontoi gogorra da».
Etxekoek ere, ilusioa
Beraiek ez dira, txapelketarako gogoz dauden bakarrak: «etxekoei ere egiten die ilusioa, horrelako txapelketa batera joateak», dio Gurutzealdek: «nire gurasoak aurrenekoz joango dira, orain artekoak urruti tokatu direlako. Aurreneko asteburuan egongo dira, sarrerarik ez dugu lortu eta... Baina aurkezpen ekitaldia ikus, eta zer giro dagoen, behintzat».
Sarrerarik gabe joango dira Gorrotxategiren gurasoak ere: «finalera iristen bagara behintzat, badaukate bertan egoteko esperantza... Jokatzen badut, zerbait asmatu beharko dugu».
«Nireak bai, sarrerarekin doaz aste osorako, eta lagun batzuk ere bai, azkeneko asteburuan. Finalerako sarrerak erosi dituzte; beraz, badaukate esperantza!», dio Irazustabarrenak. «Haiek gu baino azkarrago ibili dira sarrerekin!», erantzun dio Gurutzealdek barrez.
Maiatzetik, fisikoa etajanaria asko zaintzen
Iritsi zaie beraien maila onena emateko eguna, hilabete askotan prestatu ondoren: «frontoiko lanaz aparte, fisikoa eta janaria asko zaindu behar izan ditugu, maiatzetik», azaldu du Gorrotxategik. «Zenbait proba fisiko egin ditugu, aurrenekoa orduan, eta bakoitzaren emaitzen arabera, prestaketa konkretu bat eta dieta bat bidali ziguten. Batzuk ikusten da fisikoki oso ondo daudela, baina gu hortxe gaude, tarteko maila horretan!», dio Gurutzealdek barrez.
«Minimo bat eskatzen dute, eta ondo gainditu genuen, baina egia da fisikoa asko lantzen dela; korrika egitea tokatu zaigu asko. Eta dietarekin ere berdin, pixua jaitsi dugu denok», kontatu du Gorrotxategik. «Aurreneko probatik azkenekora, ahal duzun guztia egin behar duzu hobetzeko, eta ikusi da emaitzak hobeak izan direla», gehitu du Irazustabarrenak.
Sasoi punturik onenean iritsiko dira Bartzelonara, beraz; eta ahalik eta emaitzarik onena lortzeko asmoz. Astigarragako Txomiñene frontoian elkartuta, hurrengo zita ere jarri dute: «Bartzelonatik bueltan berriro hementxe, baina orduan domina banarekin!», adostu dute. «Baina hori bai, ordurako dieta kontuak harrika botata!», argitu du Irazustabarrenak, hiruen barre algaren artean.