Marka zuri-gorriei segika, Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 13a, 02:00

Datorren igandean, urriaren 21ean, egingo du hurrengo irteera, Mendiriz Mendi elkarteak. Nafarroara joango gara, eta GR-11 ibilbidearen laugarren etapari jarraituko diogu: Urkiaga mendatetik abiatu, eta Adi eta Mendi­aundi mendietan gora ibili ondoren, Orreagan bukatuko dugu.
Laugarren etapa hau ez da oso luzea. Bide erosoetatik doa, eta ongi seinaleztatua dago. Nahiko da beraz, marka zuri-gorriak jarraitzea. Lainoa to­pa­tzen baldin badugu, galtzeko toki bakarra Sorogain eta Men­diaundi arteko igoera denez, hor jarri beharko da arreta.
Ibilbidearen profilak, bi igo­era eta bi jaitsiera nagusirekin, M forma du. Gora egiten duen lehenengo tartea, Urkiaga men­datetik Adi aldera doana da. Ber­tatik, Sorogain izeneko aterpera jaitsi behar da. Ibil­bi­de­ko tarte hori, Adiko inguru­ak izan ezik, pago basoen barrutik egiten da. Zeharkaldi honen au­rreko etaparen kronikan des­kriba­tzen zen bezala, Kintoko oihanaren parte dira pagadi hauek. Baso hau Nafarroako baso zabalenetakoa da eta bere fauna eta lan­dare aberastasuna izugarria da. Izena Erdi Aro­tik datorkio, basoaren ekoizpenaren bostena Nafarroako erre­geari zerga mo­dura ordaintzen baitzitzaion.
Bigarren igoera nagusia, So­ro­gai­netik Mendiaundi gailurrera dagoena da. Bertatik, Orrea­ga edo Auritzera jaisteko aukera da­go. Ibilbideari amaiera emateko, guk lehenengoa au­­­keratu dugu. Bigarren zati ho­­ne­tan, ba­so zatiak egon arren, goi-men­diko soroak dira nagusi.

Amaiera, euskaldunontzako toki seinalatu batean
Orreaga inguruan gertatu zen euskaldunontzat hain ga­rran­tzitsua den Orreagako guda. Ber­tan pairatu zuen Carolin­gio­­en ejertzitoak, 778 urteko abuz­tu­a­ren 15ean, bere lehenengo po­rro­ta. Baskoiek bere herriaren askatasuna eta ohorea defendatu zuteneko lehenengo kronika historikoa dugu. Zara­go­zako gotorlekua ezin izan zue­nean menperatu, etxerako bidean, Baskoien hiriburua zen Iruñea suntsitzea agindu zuen Carlomagnok. Agindu hori, be­rak arabiarrekin zuen gatazkan euskaldunok erakutsitako neu­traltasunagatik izan zen.
Ekintza horrek baskoiak eta inguruko euskal tribuak elkartu zituen. Beraien arteko gatazkak ahaztu eta erlijio de­sa­dos­tasunak alde batera utziz (ba­tzuek antzinako erritu paganoak jarraitzen zituzten, beste batzuk kristauak edo musulmanak zi­ren), egun gutxi ba­tzutan antolatu eta zelata pres­tatu zuten Orreaga inguruko eremuetan.
Guda zehazki non gertatu zen ez da ezagutzen, Carolingio kronistek ez baitzuten idatzita utzi. Carlomagnoren ejertzitoaren atzealdeari eraso egin zi­tzaion. Ejertzitoaren zati hori 20.000 soldaduk osatzen zu­ten, eta Roldan buruzagiaren, Car­lo­­magnoren ilobaren, agindupean zeuden. Gudan, Roldan eta bere soldadu gehienak hilik suertatu ziren.
Urkiaga mendatetik abiatuta, Adi gailurra inguratuz
Urkiaga mendatean, ekialdera egiten duen pista hartu behar da. Igoerak Adipe mendatera hurbiltzen gaitu. Bertan hesia zeharkatu, eta Adi gailurra bere ipar aldetik inguratu behar da, Adatun lepo aldera eginez, GR-11 bidea ez baita gailurretik pa­sa­tzen. Indartsu dagoena, gai­lu­rre­ra igo daiteke eta bidea Ada­tuneko lepoan berreskuratu.
Lepotik hego aldera egin eta Odia haranetik, malda gogor batetik, jaisten hasi behar da. Bertako pagadia ikusgarria da. Malda leuntzen denean erreka batekin egingo dugu topo. Errekari jarraituz Sorogaineko aterpera iritsiko gara.
Hemendik aurrera, bideak berriro gogor egiten du gora. Zati honetan soroetatik barrena igotzen da, eta marka zuri-gorriak ez dira hain erraz ikusten. Ordu erdi ingurura pista batekin egingo dugu topo. Pis­ta­ri segi eta tarte luze batean jarraitu behar da. Bihurgune batean pista utzi eta hesi baten albotik doan bideari jarraitu behar zaio. Bideak ipar aldera egiten du, eta berehala Mendi­aundi (1.210 m) gailurrera iri­tsiko gara.
Gailurretik, jaitsiera gogor bati jarraituz, ipar aldean da­goen Dos Puentes lepora jaitsi behar da. Bertatik, Auritz aldera jaisten hasi behar da. Auritzera iritsi baino kilometro pare bat lehenago, bidea utzi eta, ekialdera eginez, Orreagara eraman­go gaituen bidea hartu behar da. Berehala gara ibilbidearen amaieran.

GR-11, 4garren etapa

Distantzia: 18 kilometro.
Denbora: 6 ordu.
Desnibela: 700 metro inguru gora eta beste horrenbeste behera.
Zailtasuna: Zailtasun bere­zirik gabekoa.

Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik urriaren 21ean egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!