Udaran zehar Kontrakantxa gaztetxea berritu ondoren, irekiera astean murgilduta daude, eta makina bat ekintza izango dira gaur eta bihar.
Zita hirukoitza izango da gaurkoa. Goizeko 10:00etan, Herri Eskolak egingo dituzte, Ikasle Abertzaleak taldeak antolatuta: genero auziaren eta autodefentsa sareen inguruko hausnarketa egingo dute.
Arratsaldean, berriz, solasaldia egingo dute, beste gaztetxeetako kideekin, 17:00etan hasita: Azpeitia, Ordizia eta Alde Zaharreko gaztetxeetatik etorriko dira.
Eta gauean, azkenik, Jam Sessiona izango da, herritar guztiei irekia, musikaz gozatu nahi dutenei entzuteko edota jotzeko aukera emanez. Izan ere, mikro irekiko saioa egingo dute hasieran, taldeka zein bakarka jo nahi dutenentzat.
Hip Hop eguna, biharkoa
Bihar, berriz, Hip Hop eguna izango da gaztetxean, Molotoff irratiak antolatuta: Break Dance Txapelketa, graffitiak eta DJ saioa arratsaldean, 16:00etatik aurrera; eta Batalla de Gallos eta kontzertuak gauean, 22:00etan hasita. Txapelketetan parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, email bidez idatzita: molotoffirratilibrea@gmail.com. Sari potoloak izango dira.