Autobus-zerbitzuetan «sekulako murrizketak» salatu ditu EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 11a, 02:00

Irailaren 27an argitaratu zu­en Foru Aldundiak Burun­tzal­deako autobus-zerbitzuaren esleipen-deialdia. Bertan, Her­naniko EH Bilduk salatu duenez, «sekulako murrizketak» egin dituzte, «EAJ-PNV eta PSE-PSOE beraien eskuineko politika atzerakoiarekin te­ma­tu» ondoren.

Urtarriletik aurrera, martxan
Alderdi abertzaleak dio «zen­tzugabekeria» dela urtarriletik aurrera martxan jarriko dutena; eta salatu egin du «basakeria hau». Eta adibideak jarri dituzte: «G1 autobusean (Aie­te­koa, hain zuzen ere), astegunetan zerbitzua %40a murrizten dute. Hau da, autobusen maiztasuna gaur egun 15 mi­nuturokoa bada, ordu gehienetan 30 mi­nu­turokoa izatera pasako da».

Asteburutan, egoera «larri­a­goa» izango dela diote: «la­run­batetan [...] murrizketa %50ekoa da». Eta igandeetan, «zerbitzua %30ean gutxitu nahi dute, eta goizeko 12:00ak arte autobus bakarra izango da, orduko». Andoaingo autobusean egoera «antzekoa» izango dela diote.

Zerbitzu publikoa
EAJ-PNV eta PSE-EEri gogorarazi diete «zerbitzu publiko bati buruz ari garela eta beraz, herritarren interesak, interes ekonomikoen gainetik jarri behar direla».
Eta jarraitu dute: «zerbitzu publikoak murrizteak, autobusak murrizteak, premia haun­­diena  dituzten herritarrak kal­­te­tzen ditu». Europara begira ere jarri dira: «garraio pu­blikoa bermatu eta hobetu behar da. Garraio publikoaren aldeko apustua egiten ari da Europa osoa; hori da bidea, eta ez PSOEk eta EAJ-PNVk hartu dutena».
EH Bilduk dio «ahalegin guztia» egingo dutela «mu­rrizketa hauek salatzeko, eta geldiarazteko».

Mobilizazioak, goraipatu
Era berean, «eskertu eta goraipatu» egin dituzte azken hilabetetan langile, erabiltzaile eta herritarrek egindako mobilizazioak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!