Greba DIA%k gaur, «esplotazioa eta prekaritatea» salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 11a, 02:00

Egun osoko greba egingo dute gaur Gipuzkoako DIA% dendetako langileek. Hala iragarri zuten aurreko ostiralean Asti­garragako DIA%ren aurrean egindako agerraldian: «Lan­gile Komiteko kideok enpresan bizi dugun erabateko es­plo­tazio eta prekaritatearen aurrean egun osoko greba antolatu dugu».

Bertan bat egin zuten ELA, LAB, UGT eta CCOOren ordezkariek, eta grebaren arrazoiak azaldu zituzten: «DIA%ko langileok denbora asko daramakigu prekaritate-egoera hau sufritzen. Langileak eta Ko­mitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Ino­lako aurreabisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz. Gure lan zentroak aldatzen dituzte, askotan le­ku­al­daketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakun­tza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako, ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz».

Horrez gain, diotenez, «lan­gile falta nabarmena eta orokorra da; eta kaleratzeak ohiko politika dira, berdin dio behin behinekoa izan edo 10 urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea».

Eta hori guztia borobiltzeko, «DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. Bizkaian ireki dute aurrenekoa, 08:30etatik 23:00etara ar­te irekiko dute, langileen kon­tziliazio eskubidea urratuz».

Horregatik guztiagatik, eta «enpresaren pasibotasuna iku­sita» egingo dute greba gaur. Elkarretaratzerako deia ere egin dute: Donostiako Ar­tzain Onaren plazan egingo dute bat, eguerdiko 12:30etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!