Garraio publikoaren inguruko inkestak egin ditu udal gobernu taldeak, eta «astigartarrek egungo zerbitzuaren inguruko iritzia eman eta proposamenak egin» nahi izan dituztela azpimarratu du. Denera, 259 inkesta erantzun dituzte, email bidez eta udaletxean, kultur etxean eta kiroldegian jarritako buzoietan. «Banatutako inesketen %10etik gora dira, etxe bakoitzeko bat», azaldu du. Horregatik, «arrakastatsua» izan dela dio.
Erantzunak, Aldundira
Udal gobernu taldeak adierazi du Mugikortasun Astea aprobetxatuta jakin nahi izan duela astigartarrek zein iritzi duten garraio publikoaren inguruan.
Behin datuak bilduta, «Udalak datuak aztertu eta Foru Aldundiari txostena bidaliko dio, astigartarren proposamenen berri jakin dezan».
«Aldundiari jakinarazi nahi diogu zein garrantzitsua den autobus zerbitzu publikoa mantentzea»
Izan ere, «garraio publikoa herriarentzako gai estrategikoa da» udal gobernu taldearen ustez. «Gure herriak epe ertain-motzean izango du tren geltokia, baina egun, Astigarraga autobusen bitartez bakarrik dago inguruko herriekin harremanetan, eta horregatik, Aldundiari jakinarazi nahi diogu zein garrantzitsua den autobus zerbitzu publikoa mantentzea, herriko beharretara eta bizilagun kopuruaren igoerara egokituta».
Irisgarritasuna, garrantzitsua
Bestalde, Mugikortasun Asteari lotuta, «antolatu diren ekintzetan astigartar askok parte hartu» izanagatik pozik agertu da udal gobernu taldea.
Bide batez, azpimarratu du irailaren 24an Elkartu Elkarteak emandako hitzaldia, ezintasunen bat edo mugikortasun murriztua dutenek egunerokoan izaten dituzten arazoen ingurukoa, eta «harrituta» agertu da, «Astigarraga guztiontzako herri bihurtzeko eta elkarbizitzarako irisgarritasunak daukan garrantzia kontuan hartuta, EH Bilduko kiderik agertu ez» zelako.