Gero eta gutxiago falta da Euskaraldia hasteko. Astigarragak ere hartuko du parte, eta hasiak dira motorrak berotzen.
Gaur bertan, Ttak emanaldi berezia izango da 19:00etan, kultur etxean. Beatriz Egizabal klown eta antzerkilaria igoko da taula gainera, eta umorea ardatz hartuta, bakarrizketa saioa egingo du helburu argi batekin: ikuslea norberaren hizkuntza jokabideen inguruko hausnarketa egitera bultzatzea.
Belarriprest eta Ahobizi izateko epea, irekita
Ez da hori izango gaurko ekitaldi bakarra. Egizabalen emanaldiaren ondoren, webgune berri bat ere aurkeztuko da: www.astigartarrak.eus.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, herritarrek euskeraz egiteko erronka pertsonalak hartzea da Euskaraldia ekimenaren helburua. Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, astigartarrek ere aukera izango dute parte hartzeko, eta hain zuzen, webgunea jarri da martxan, izena eman ahal izateko. Era berean, webgunearen helburua da zenbat eta zein astigartar parte hartzen ari diren erakustea, jende gehiago ere animatu dadin.
‘Belarriprest’ eta ‘Ahobizi’ astigartarren webgunea ere aurkeztuko da gaur.
Dagoeneko badira 25, izena eman dutenak. Horietatik 23, ‘Ahobizi’ izango dira; hau da, euskeraz ulertzen dutenei euskeraz egiteko konpromisoa eta ezezagunei aurreneko hitza euskeraz egitekoa hartu dute. Horrez gain, nork bere konrpomiso pertsonalak ere hartu ditu, eta webgunean ikusi daitezke. Beste bik, berriz, ‘Belarriprest’ izateko eman dute izena; hau da, berarekin euskeraz egiteko eskatzen diete ingurukoei.
Batean edo bestean izena eman, norberak aukeratu dezake, eta izena emateko epea zabalik dago. Webgunean bertan egin ahal izango da, gaurko aurkezpenean azalduko duten moduan. Helburua izango da, ahalik eta astigartar gehien animatzea.