Sekulakoa izan zen larunbat arratsaldea, Galarreta frontoian; eta ez zen gutxiagorako. Koteto Ezkurraren 28 urteko ibilbide oparoari azken agurra emateko elkartu ziren, 1.200 lagun baino gehiago, harmailetan. Eta ez zuen ezer falta izan, zita bereziak.
Bere erara agurtu nahi zuen doneztebarrak, eta kantari bukatu zuen, El Rey abesti ezagunaren airera: «sigo siendo el rey» izan ziren bere azkeneko hitzak. Eta ez zuen arrazoirik falta: betirako hartu du Galarretako erregetza.
Aurretik frontoian gertatu zen guztia ikusi besterik ez dago. Jaialdia hasi baino ordubete lehenago hasi zen musika Galarretan, eta aurreneko partiduaren ondoren, bere ibilbideko azkeneko hiru lehiakideekin kantxara atera zenean, harrera berezia egin zioten Ezkurrari: arku luze bat egin zioten zestekin, berarekin aritu diren 50 erremontistak baino gehiagok, garai ezberdinetakoak. Zubietako joaldunek ere ez zuten huts egin zitara, doneztebarraren lagunak tartean; eta Oinkari Dantza Taldeko kideek, dantza saio artistikoa eskaini zioten.
Partidua galtzea, bere debutean bezala, gutxienekoa izan zen Ezkurrarentzat, Etxeberria IIIrekin. Gehiago izan ziren Zeberio eta Ion, eta 30-30 berdintzera iritsi arren, 35-40 nagusitu ziren kontrarioak.
Partidua galtzea gutxinekoa izan zen Koteto Ezkurrarentzat. Gehiago izan ziren Zeberio eta Ion (35-40).
Partiduaren bukaeran izan zuen segida omenaldiak, zati berezienarekin. Bi bideo jarri zituzten, Ezkurraren gertukoak ageri zirela; eta makina bat opari egin zizkioten. «Hau izugarria da», zioen erremontistak. Orduan, azkeneko agurra eman zioten dantzan, Maialen Ezkurra alabak eta Elena Zabala ilobak. Bukatu zutenean, besarkada hunkigarria eman zion Kotetok alabari, Galarretako errege izaten segiko duela kantatu aurretik.