Uliako Etxean daukan tailerrean aritzen da Mari Sol Erice astigartarra, lanean: «nere musikarekin, liburuekin, jardinarekin, loreekin. Nire bizitza da! Hau nire txokoa da, eta lanean ari naizenean, ez dadila inor sartu!».
Astigarragartik hogeita hiru urteren bueltan atera zen, Erromara joateko. Via Marguttan bizi izan zen, «Erromako bihotzean, gune bohemio eta artistikoenean». Hamahiru urte pasa zituen han, Lipinsky Eskolan ikasten, eta hainbat erakusketatan hartu zuen parte. Baita sariak irabazi ere: Nazioarteko Pintura Saria, San Marinoko ‘Banco del Crédito Industrial’ diploma, Visso Hiria Saria edota Braccianoko urrezko domina.
Han geratuko zela pentsatu bazuen ere, Donostian, Ulian bizi da, pintura irakasten, eta pintatzen. Hemen ere erakusketa asko jarri ditu; besteak beste, Informazio eta Turismo aretoan, udaletxean, Musikarten, Donostiako Real Golf Klubean eta aurreneko Bienalean. «Nire bizitzeko modua hau izan da; pintura».
‘Antoñito Lopez de Euskadiren’ irakasle
Kontxa Etxeberriaren, Astigarragako alaba kuttunaren erretratoa da bere lan berrienetakoa. «Oso ondo atera zen», dio. «Pleno aretoan dago». Ez zuen ezagutu, noski, baina bai haren oinordekoak, koadroa jartzeko egin zen ekitaldian. «Udaran izan nintzen Astigarragan. Joan nintzen hilerrira, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Hiltzen naizenean, hantxe egon nahi dut. Zein txukuna, loretxoekin-eta! Han ikusi nuen Doña Kontxaren hilobia». Baina 80 urteak beteak badauzka ere, asko geratzen zaio horretarako! «Orain egin behar dut Karlos Elgueza eskultorearen erretratua. Hura bai, ezagutu nuen, 13 bat urterekin».
Dena den, «horiek dira enkarguak», dio. «Lehen lan asko egin dut horrela. Orain, klaseak ematen ditut. Astigarragako neska bat oso ona badaukat: Arantxa Barandiaran, Gaztañagakoa. Oso ona. Deitzen diot Antoñito Lopez de Euskadi. El Velazquez de España deitzen diote Antonio Lopezi».
Ez da hori ikasle bakarra. «Etortzen zaidan jendea adinekoa da, erretiratuak. Jende gaztea lanean ari da. Baina izan ditut bi gazte, talentu haundikoak, ikaragarriak! Maialen eta Miren. Batek Tamayoko aurreneko saria ere lortu zuen. Baina orain unibertsitatera joan behar dute».
Aurrena, marraztu
«Oso behatzailea naiz», dio Mari Sol Ericek, margotzeko ideiak nondik ateratzen dituen galdetuta. «Beste batek aulki zahar bat besterik ikusten ez duen horri nik ikusten diot xarma, margotzeko polita dela. Hau bezala (margotzen ari den koadroa); jarri nion zapia, eta begira, ze polita! Beti pentsatzen eta behatzen aritu behar duzu. Jendeari tontakeria iruditzen zaion horretatik ateratzen dut nik koadroa. Enkargu bat diferentea da. Erretratu asko egin ditut, eta ez dut lo egiten, eskatu duenari zer irudituko zaion, gustatuko ote zaion pentsatzen. Konposizioa, oso inportantea, ondo dagoen. Bestelakoak nahi bezala egiten dituzu. Erretratua ez da hain librea, baina pozik, zerbait enkargatzen badizute! Gaur egun koadroak ez dira saltzen. Jendeak lan egiten du, eta etxe ahalik eta xumeenak, minimalistak nahi ditu lan gutxi egiteko. Gazteek nahiago dute Ikeako poster bat!».
Horregatik ematen ditu klaseak. Horregatik, eta «irakastea asko gustatzen» zaiolako. Baina kontzeptuak erabiltzea zaila egiten zaio. «Adinekoek nahi dute koadrotxoa. Esaten diet aurrena marraztu egin behar dutela, hilabete batez edo bi edo hirutan. Aurrena marraztu dezatela, eta gero hasten gara margotzen, eta erakusten dizkiet koloreak, paleta, nahasketak, eta gero, bakoitzak egiten du nahi duena eta gidatu egiten ditut. Normalean paisaiak, loreak eta natura hilak (bodegón) egiten dituzte; azken hauek errazagoak dira hasteko. Zaila da, baina asko gustatzen zait irakastea. Zaila diot, asko eskatzen dudalako. Ez zait gustatzen nire tailerretik lan ziztrilak ateratzea. Eta ulertzen dut; ikastera datorren emakume erretiratuak ez du ahalegin haundirik egin nahi, ia terapia modukoa da: etxetik atera, tarte atsegin bat pasa... Baina nik nahi dut lan dezenteak egitea. Beste toki batzuetan berehala esaten dute: ‘zein polita egin duzun’. Ez da esaten polita; esaten da, ona».
«Zahartzen zarenean sekula baino gutxiago egon behar duzu geldi. Sutu egiten naute ezer egiten ez duten emakumeak»
«Margolariek egindako guztia ez da ona»
Kontzeptu batzuk azaltzea zaila egiten zaiola esaten badu ere, ederki asko bereizten ditu ‘polita’ eta ‘ona’. «Polita da loretxo bat, gutxi-gorabehera ondo egina. Ona da bolumena daukana, eta itzalak, argiak. Ondo sostengatzen dena; ez daitezela loreak hegan atera! Koadrotik ateratzen dela ematen duen hori, hartu daitekeela dirudiena da ona. Polita da kromo bat, oso ebakia».
Eta kontzeptuak bezain argi dauka, edo ez, zer gustatzen zaion. «Asko gustatzen zaizkit inpresionistak. Renoir eta frantses horiek denak. Baina gehiago gustatzen zaizkit marrazkilariak. Rafael de Penagos maite dut. Eta margolari bakoitzetik, zerbait. Margolariek egindako guztia ez da ona. Velazquez, Goya, Rivera... Bakoitzetik zerbait. Picassoren gauza batzuk izutu egiten naute, eta beste batzuk maite ditut. Baina, orokorrean, margolari haundi horiek marrazkilari haundiak izan dira. Ez orain bezala. Lehen eskolan asko marrazten zen. Mundua asko aldatu da, eta belaunaldien arteko desberdintasuna ikaragarria da. Lehen hainbat gauza pentsaezinak ziren. Ni ere, nere garairako ohiz kanpokoa izan ninzen».
«Ez zait gustatzen nire tailerretik lan ziztrilak ateratzea»
Taula baserritik Erromara
«Artista zen ama. Berarekin hasi zen saga. Mojetan ikasia, etxean egiten zuen. Afizioa zuen». Taula baserrikoa zuen amona. Aitona, Apeztegikoa. Amari segika hasi zen bera margotzen. Eta ilobak. «Badaukat bat oso ona. Jokin Mitxelena, ilustratzailea. Eta Julene Alberdi. Artista da, baina maistra, Hernaniko Institutuan. Eta Astigarragan, Arrobitxulon tailerra dauka Mari Sol Mitxelena bitxigileak. Baina hasi zena izan zen, ama. Nik ikusten nuen beti bere kaja eta pinturekin, bere saltsan. Eta 23 bat urterekin pentsatu nuen ez nuela beti Astigarragan bizi nahi... Orduan ez zen ateratzen orain bezala, eta nik nahi nuen Ingalaterrara joan ingelesa ikastera; gero Parisera, frantsesa ikastera. Toki guztietara, ikastera».
Horrela, Erroman bazuela izeba moja, eta hara bidali zuten, 60eko hamarkadan. «Aurrenekoz joan nintzenean, aita, ama eta denak Hendaiara etorri ziren laguntzera. Amari ikara ematen zion, eta tren osoa begiratu zuen ea apaizen bat bazegoen, ni haren ondoan joateko! Orain bezala, ia! Semeetako bat Tasmanian ari da lanean!».
Hamahiru urte inguru pasa zituen Erromako bihotzean. Debalde ezin, eta lanean hasi zen. «Bilatu zidaten lana umeak kontu egiten. Ez zitzaizkidan gustatzen baina! Bost ume, gainera!». Enbajadorea zen, ume haien aita. Gero Hego Amerikara bidali zuten, eta Mari Soli «urruti xamar» iruditu. Horregatik etxera bueltatu zen, eta berriro Erromara joatean beste lan bat hartu zuen, «au pair, berriro. Goizetan klaseak, eta arratsaldean, ume zaintzen». Baina pintura irakasleak etxean berarekin geratzeko proposatu zion, laguntzearen truke, eta hantxe geratu zen.
«Ona da bolumena daukana, eta itzalak, argiak. Ondo sostengatzen dena; ez daitezela loreak hegan atera!»
«Egin eta egin eta egin»
Emakume zorrotza zuen irakasle. «Oso akademikoa zen, figuratiboa, zorrotza, gogorra. Han egin behar zen berak nahi zuena. Marraztu; batez ere, marraztu. Margotzen, esango nuke gehiago ikasi dudala bakarrik, egin eta egin eta egin. Abstraktoa harekin, adibidez, ezta ikusi ere! Orain libreagoa da pintura. Arantzazuko aldizkarian irakurri nuen orain ‘estilo mamarratxada’ egiten dela. Eta pentsatu nuen: zertan ari naiz ni? Avilako Santa Teresa mojatxoen antzera ari naiz!».
Horrela, ez dio utzi probatzeari, ikasteari... «Nire kasa aritzen naiz. Orri-markatzaileak ere egiten ditut. Nere gauzatxoak. Handik atera ezkeroztik ez dut asko aldatu, baina orain aldatzen ari naiz. Ez dakit azaltzen. Koadroren bat, adibidez, borratu egingo dut, cursia iruditzen zaidalako. Orain gehiago gustatzen zait halako inpresionismo bukatu gabea, estilo eroagoa. Burutapenak dira denak. Koadro bat gogoan ez badaukat, bestelako gauzak egiten ditut».
«Amari ikara ematen zion, eta tren osoa begiratu zuen ea apaizen bat bazegoen, ni haren ondoan joateko»
Eta segi
Erroman geratuko zela pentsatu bazuen ere, ama gaixotzean bueltatu egin zen. Ulian bizi ziren ordurako. «Erroman ezagutu nuen senarra. Amore eta bella... Astigarragan inork ez zidan horrelakorik esaten! Baina senarra etorri zen bisitan, eta Donostia ikaragarri gustatu, eta hemen geratu ginen».
Okendoko Kultur Etxeko aurreneko pintura klaseak eman zituen, behin finkatuta. «Baina han egunekoa ordaintzen zidaten, ez oporrik eta ez ezer, gizarte segurantzarik gabe... Eta utzi egin nuen. Auzoko emakume batek esan zidan klaseak emateko, eta horrela, ahoz aho zabaldu, eta etxean nituen 20 bat emakume. ‘Nire emakumeak’ deitzen diet; astearte, asteazken eta ostegunetan etortzen dira, goiz eta arratsalde». Margotzeari ere ez dio utzi, noski. «Ez badut ezer hasi, bila aritzen naiz. Baina zerbait egin nahi dudanean, ez naiz gelditzen ikusten dudan arte, denbora ateratzen dut».
«Gazteek nahiago dute orain Ikeako poster bat»
Eta horrela segitzen du, ezin geldirik egon. «Ez da sekula gelditu behar. Zahartzen zarenean sekula baino gutxiago egon behar duzu geldi. Sutu egiten naute ezer egiten ez duten emakumeak. Bisitan joaten natzaie bakarrik daudenei, eta hantxe, butakan eseri eta Tele5ko malapartatu haiei begira. Gero, gorrak daudela ia, telebista gorenera igota».
Beraz, ekinean segitzen du Mari Sol Ericek. «Ingalaterrara, Parisera, Alemaniara... hizkuntzak ikastera» joango litzatekeela dio, baina dagoeneko ez daukala denborarik. «Ezkondu, eta akabo. Horrela ibiltzeko librea izan behar duzu, bohemioa. Orain agian ez, baina lehen bai. Afrikara ere joan nahi nuke. Erakarri egiten nau. Aurreko bizitzaren batean tuareg edo bereber izango nintzen». Baina ez du etsi. «Piano ttiki bat erosi dut». Umetan ordezko organista izan zen Astigarragan. «Txomin San Sebastian txistulariak erakutsi zidan aurreneko notak jotzen eta solfeoa». Donostiako kontserbatorioan egin zituen gero, zazpi urte. «Eskuak orain ez dira berdinak, baina ilusioa betetzeko, aski». Ilusioa betetzeko, eta inguratzen duen guztia edertzen jarraitzeko. «Esaten da pintura dela errealitatea edertasun bihurtuta».
KONTXA ETXEBERRIA MIRANDA (1855-1940)
Doña Kontxa izenez ezagutzen den astigartarra ‘alaba kuttuna’ izendatu zuen Udalak 2015eko maiatzaren 19an, eta 2018ko uztailaren 25ean bere izena jarri zion Urumea Berri auzoko plazari. Pleno aretoan jartzeko koadroa eskatu zion Udalak Mari Sol Ericeri. Bere garairako emakume aurreratua izan zen Kontxa Etxeberria Miranda; beharra zutenei laguntzeko, umezurtz astigartarrei bereziki, hainbat ekimen sozial jarri zituen martxan, eta Fundazioa ere sortu zuen. Gaur egun Kultur Etxea dena eraiki zuen horretarako, eta Astigarragako herriari eman zion.