«Euskal preso politikoen dispertsioaren legediak dakarren drama» gizarteari azaltzeko asmoz ekoitzi du Kurkuluxetan Kultur Elkarteak Azken arnasa arte. Gure nagusien duintasun eta kemenari gorazarrea laburmetraia. 22 minutuko proiekzioa da, eta Pakito Lujanbioren ama Ramoni Galdeano da protagonistetako bat.
Gaur aurkeztuko dute Biterin arratsaldeko 19:30etan, Etxerat Elkartearen eskutik. Eta bertan izango dira euskal preso ohi eta senitarteko eta lagun ugari, besteak beste, Lujanbio bera. Sarrera debalde izango da.
Hiru istorio
Laburmetraiak hiru istorio kontatzen ditu: aurrenekoa, Ramoni Galdeanorena, Pakito Lujanbioren amarena; bigarrena, Jose Angel Aramendirena; eta hirugarrena, Lurdesena, Itziar Ituñoren amarena.
Pakito Lujanbiok azaldutakoaren arabera, «gidoi batean oinarrituta dago», baina gertaerak errealitatean gertatutakoekin daukate zerikusia. Horri gehitu behar zaio «ikusentzunekoak daukan indarra».
«Hiru istorio potente dira, eta hunkitu egiten dute, nahiz eta jakin adinekoak zein egoeretan dauden», onartzen du Lujanbiok. Gainera, Aramendi eta Galdeanok bizi izan dituzten gertuko egoerak dira -Aramendik alaba kartzelan dauka, oraindik-, horregatik, «ia gidoia ikasi beharrik ez dute izan».
Zalantzarik ez, Galdeanok
Aurretik Motxilaren Umeak laburmetraia ekoitzi zutenek zuzendu dute bigarren hau ere: Rita Naveira eta Koldo Zelestinok. Haiena izan zen ideia, eta Lujanbiok proposatu zion amari: «‘aurrera egin behar dugu’ esan zidan, zalantzarik gabe».
Lujanbiok azaltzen du, aurrekoarekin bezala, asmoa dela «gizartera zabaltzea gaia. Izan ere, konbentzituta daudenak ez dituzu gehiago konbentzituko, eta bixitak egiten dituztenak badakite zer den hori».
Grabaketak, Hernanin
Ekainean egin zuten grabaketa osoa, San Joanen aurretik, gehiena: «22 minututik, ia erdia Hernanin grabatua da; gure amaren zatia, osoa: Garigain kafetegian, Plaza Berrin, Andrekaleko etxe batean...».
Laburmetraieko karteleko argazkia, aldiz, azkeneko eszenaren grabazioan atera zen: «ekainaren 29an izan zen, ostiraleko kontzentrazioarekin batera egin zen».