Hernaniarrei deia, giza eskubideen urraketak jasotzen jarraitzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 10a, 02:00

Udaleko lau udal taldeen ba­besarekin, apirilaz geroztik da­bil Aranzadi Elkartea 1960-2018 bitartean Hernanin gertatutako giza eskubideen urra­­­ketak jasotzen. Ordutik, pixkanaka ari da lana osa­tzen, eta atzo aurkeztu zituzten aurreneko datu probisionalak. Aben­­duan aurkeztuko dute txosten osoa.

Bertan izan ziren, Javier Buces, Aranzadiko ikerlari eta proiektuaren koordinatzailea, eta udal taldeetako lau ordezkariak: Luis Intxauspe alkatea, Andoni Amonarraiz EAJ-PNVren bozeramailea, Ri­cardo Crespo, PSE-EErena, eta Jaione Aristregi, Orain Her­nanirena.

«Helburua da jakitea zer gertatu den Hernanin»
Buces ikerlariak azaldu zuenez, «pro­iektuaren helburua da jakitea zer gertatu den Hernanin eta jasotzea hernaniarren aurka azken hamarkadetan egin diren giza eskubideen urraketak». Hori guztia, «errelatoa egin gabe, kontakizunari buruzko dialekti­ke­tan sartu gabe, baina bai ger­tatutako testuinguruan jar­tzen, hainbat artxibotan iker­tzen eta testigantzak jasotzen».

Harremanetan jartzeko: 699 80 91 30 edo ‘jbuces@aranzadi.eus’

Aranzadiren lana da, hain zuzen, «motibazio politikoz Hernanin urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk ikertzea». Eta horretarako, «beti errepikatzen ditugu hiru printzipio: egia, justizia eta erreparazioa. Bene­tako justizia eta erreparazioa betetzeko, herritarrek egia osoa jakin behar dute», adierazi zuen Javier Bucesek.

«Egiaren printzipioa bete nahi dugu lan honen bidez. Justizia eta erreparazioa beste erakunde batzuen esku daude, baina egia jakin gabe ezin dira beste bi printzipioak bete», onartu zuen.

Herritarrei laguntza, lana osatzeko
Ikerketa bera eta behin behineko datuak eskaintzeaz gain, laguntza ere eskatu zuen: «egindako lana haundia da, baina gure lana ez dugu bukatu: hernaniarren laguntza behar dugu. Haien testigan­tzak eta datuak ezinbestekoak dira lana ahalik eta osatuena izateko». Horretarako, bera­ien­gana jotzeko bi bide aipatu zituen: 699 80 91 30 telefonoa, edo jbuces@aranzadi.eus helbide elektronikoa.

Diskrezioa lanaren ezaugarrietako bat dela nabarmendu zuen: «oso gai konplexua da, kontziente gara; sen­tsibilitate eta diskrezio guztiarekin ibili behar dugula jakin badakigu».

Eta diskrezioarekin jarrai­tzeko prest daude. Izen-abizenak argitaratzeko, legeak ezar­­tzen dituen datak errespetatuko dituzte; eta publiko ez diren kasuetan, baimena es­ka­­tuko dute, argitaratzeko.

BEHIN BEHINEKO DATUAK:
- Momentuz, 387 pertsona identifikatu dituzte, eta 14 elkarrizketa egin dituzte.
- Urraketa-motei dagokienez, 500 kasu baino gehiago jaso dituzte:

Bizitza-eskubidearen aurkako urraketak: 16 kasu.
Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurkako urraketak: 400 kasu inguru.
Ondasun materialaren aurka 180 kasu, eta gutxienez, 33 ondasun partikularren kontra.
Herritarren aurka egindako estorsio ekonomikoa: 5 kasu.
Beste sufrimenduak: 70 kasu.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!