Azkeneko asteotan antolatu dituzten ekintzen artean, zita berezia izango du gaurkoa, Euskara Ari Du egitasmoak: Ari du abestia aurkeztuko dute Milagrosako kaperan, arratsaldeko, 19:00etan hasita.
Bertan egongo dira abestiaren egileak, Maite Larburu eta Andoni Tolosa Morau; eta saioaren bukaeran joko dute estreinakoz, Ari du. Aurretik, Idurre Lekuona kazetariak elkarrizketatuko ditu bertan, eta galdera eta galdera artean, zenbait abesti tartekatuko dituzte bi musikari eta abeslari hernaniarrek.
Zita gehiago, azken txanpan
Urte bukaerara arte luzatuko da Euskara Ari Du egitasmoa, ahalik eta erronkalari gehien erakarri nahian. Eta egitasmoaren azken txanparako, dagoeneko aurreikusi dituzte zita gehiago.
Horietan aurrenekoa, Amalia Barquinen hitzaldia izango da, urriaren 17an: Generoa eta euskara. Azaroaren 29an, berriz, Mintzodromoa antolatuko dute, Udal Euskaltegiarekin.