Sasoi ederrean bueltatu dira udarako oporralditik, Denontzat taldeko kideak. Eta giro ederrean, sekulako emaitzekin ekin diete obstakulo probei.
Orain hamabost egun, Roman Race Cascantum lasterketan izan ziren taldekide asko, «gero eta hobea, gogorragoa eta obstakulo zailagoak dituen proban», nabarmendu dutenez. Eta gogortasun horretan, primeran moldatu ziren. Garaipena lortu zuten taldeka, eta bakarka ere, protagonista izan ziren: Asier Landartek irabazi zuen mutiletan, eta Almu Carbajal bigarren izan zen nesketan, biak ere maila absolutuan; 50 urtetik gorakoetan, berriz, garaipena lortu zuen Felix Gomezek. «Emaitzetatik harago, beste esperientzia eder bat bizitu eta konpartitu dugu taldean», diote.
Beste hiru taldekide podiumean, Iruñan
Aurreko asteburuan ere ez zuten huts egin lasterketetan, bi zitarekin. Larunbatean, Vila-realen aritu zen Asier Landart, eta azkeneko momentuan egin zion ihes garaipenak.
Eta igandean, berriro igo zen podiumera: hirugarren sailkatu zen Iruñako Gladiator Day proban, elite kategorian. Taldeko beste kide asko ere izan ziren Iruñako proban, eta horietako bi, podiumera igo ziren starter kategorian: irabazi egin zuen Xabi Muñozek, eta hirugarren izan zen Tomas Rementeria.