Gaur egingo dute, 17garrenez, Argazki Digitalen Rallya. Plazan jarri du zita Hernaniko Argazki Forumak, udaletxeko arkupeetan; bertan izango da izenematea, goizeko 09:00etan hasi eta 10:00ak arte. 10 euro izango dira, Rioja tabernan egingo duten hamaiketakoa barne; 16 urtetik beherakoek, doan.
Izena emateko orduan jakinaraziko zaizkie argazkien gaiak, partehartzaileei. Momentu horretan, kontrolerako argazki bat eta autorretratu bat egin beharko dituzte, eta hortik aurrera, 14:00ak arte izango dute lehiaketarako argazkiak ateratzeko. Hernanin egin beharko dituzte denak.
Gero, emailez bidali beharko dituzte argazkiak partehartzaileek, urriaren 10era arte: hernani.rally@gmail.com. Gai bakoitzeko argazki bana, kontrolerako argazkia eta autorretratua bidaliko dituzte, JPEG formatuan. Eta zehaztu beharko dute, zein argazki nahi duten jarri erakusgai.
Izan ere, urriaren 17tik 26ra, argazki erakusketa jarriko dute Biterin, partehartzaile bakoitzeko argazki banarekin. Sari banaketa, berriz, urriaren 26an izango da, 19:00etan Biterin.
Helduen artean, lau sari potolo izango dira: bi bilduma onenak, hernaniar baten onena, eta Rallyko argazki onena. Haurretan, berriz, bilduma onena, eta argazki bitxiena zein atseginena. Mugikorren kategorian ere izango da saria.