Eraginkorra izatea zer den...

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 7a, 02:00

Ez zen nagusi izan Hernani atzo, Landaren, Burgosen kon­trako partiduan. Baina defen­tsa lanetan indartsu aritu, eta behar izan zuenean erasora jo eta puntuak eskuratuta, garai­pena etxean gelditzea lortu zuten trikoloreek (8-6). 
Ondo hasi zuten partidua hernaniarrek, eta Burgosen ze­laian jokatu ziren aurre­ne­ko minutuak. Are gehiago, kon­tra­­rioen akatsak aprobetxatu, eta 10garren minutuan lortu zu­ten aurreneko entsaioa, ba­lo­ia ondo mugitu ondoren (5-0).
Hortik aurrera, ordea, oso bestelakoa izan zen partidua. Burgosek hartu zuen baloiaren jabetza, eta berak izan zituen aukera garbienak, aurreneko entsaioa lortzeko: 14garren eta 31garren minutuetan, esate­rako, oso gertu izan zuen, eta juxtu juxtu lortu zuen gel­di­tzea, Hernanik. Zigor kolpe bat izan zen, ordea, lortu zuten sari bakarra. Trikoloreei, aldiz, aka­tsek ez zieten uzten, au­rre­ra egiten. Horrela, markagailu exkaxarekin iritsi ziren atse­denaldira (5-3).
Trabatuta hasi zen biga­rren zatia ere, eta sufritzea tokatu zitzaion Hernaniri, berriro ere. Aurretik jartzeko zigor kolpe bat izan zuen berehala Bur­gosek, baina huts egin zuen. Bigarren aukera, ordea, ez zuten galdu, eta 74garrenean aurreratu ziren kanpokoak, beste zigor kolpe batekin (5-6).
Akaso orduan zapaldu zuen Hernanik, bigarren zatian au­rre­nekoz, Burgosen zelaia. Ez zuen gehiago behar izan, ordea.  Indar guztiekin erasora jo, Bur­gosen 22 metroko marra gain­ditu, zigor kolpea lortu, eta bi­kain gauzatu zuen Anartz Elo­segik, 8-6koa jarri eta lau pun­tuak Hernanin geratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!