Bueltan-bueltan ibiltzen da haizea albokarien sudurretik masailetara, albokari putz egin eta hotsa ateratzeko. Azken 25 urtetan asko izan dira ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoan alboka jotzen ikasi dutenak, eta bueltan-bueltan, haizeari puzka jarraitu dute hainbatek, albokaren aldeko hauspo lanean.
Horren adibidea izan zen atzo, Hernaniko 25garren Alboka Topaketaren urteurrena ospatzeko Biterin emandako kontzertua. Hainbat parte-hartzaile igo ziren taula gainera; asko, haien ibilbidea Hernanin hasitakoak. Ikasleak batetik, eta irakasleak bestetik. Baita musikari profesionalak ere: Lurgain Quartet, Bitartean edota Juan Mari Beltran.
Gaur, berriz, kalera aterako da alboka.
Albokaldia, festa herrian
Euskal Herri osoko hainbat txokotatik etorritako albokariak arkupetan elkartu, eta kaleak alaituko dituzte eguerdian.
Buelta borobiltzeko, eguerdiko 13:00ean Tilosetan emango du talde bakoitzak emanaldi txiki bat. Horrekin batera, alboka egileen erakusketa ere jarriko da.
Goizeko saioekin bukatzeko, Santa Barbara elkartean bazkari herrikoia egingo dute albokazale eta pandero-joleek, eta arratsaldeko 18:00etan indarberrituta aterako dira kalera berriro, Albokaldia borobiltzera.
HERNANIKO XXV. ALBOKA TOPAKETA
11:30, Albokari, pandero-jole, eta albokazaleen elkarretaratzea, udaletxeko arkupetan.
12:00, Albokari taldeen kale-bueltak.
13:00, ALBOKALDIA Tilosetan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroatik etorritako albokari taldeen emanaldia. Alboka egileen erakusketa ere bertan izango da (euria egiten badu, Atsegindegin).
14:30, Albokarien herri bazkaria Santa Barbara elkartean.
18:00, Albokarien kalejirak herrian zehar.