«Gogoa daukat jarraitzeko; nire marrazkiek hobera egin dute, eta horrek motibatu egiten nau»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 6a, 02:00

Uztailean argitaratu zuen Kro­nikak ume eta gaztetxoen­tzako Latxe aldizkariaren 0 alea. Abuztua eta irailean argitaratu ditu 1 eta 2 aleak, eta hirugarrena urriaren bukaeran izango da salgai. Denetarako ma­rrazkiak Jon Ander Das Neves gazte her­naniarrak egiten ditu; berak sortu ditu Bu­rrun­tzi, Kattagorria edota Dortoka.

«Luis irakaslea izan zen marrazten jarraitzeko gogoa piztu zidana»
Umetatik dauka Jon Anderrek, marrazteko afizioa. «Urumean, eskolaz kanpoko marrazketa klaseetara joaten nintzen Luis irakaslearekin. Gero, irakaslea aldatu zenean, nahiago izan nuen etxean jarraitu, nere kabuz hobetu. Baina Luis izan zen marrazten jarraitzeko gogoa piztu zidana. Oraindik kalean egiten dut topo, eta esan diot marrazten ari naizela».

Kronikak proposatuta hasi zen Jon Ander Latxe aldizkarirako marrazkiak egiten. Diseinu grafikoko ikasketetako praktikak egin zituen bertan, eta haiek bukatuta egin zitzaion proposamena. Orain, goi-mailako 2D eta 3D animazio gradua egiten ari da.

Probatuz, hobetu
Hasieran, Burruntzi superheroi moduan imajinatu zuen. «Kon­tu­ratu nintzen umeentzako zela, bertako istorioen berri emateko, eta ez zela egokiena». Ezau­garriak zein zituen interneten begiratu, isatsa zehaztu, eta gorputza egin zuen gero. «Hasieran beltza eta urdina zen, baina umeentzat tristea zen. Bururako, berriz, imajinazioarekin begiratuz gero, maskara modukoa zuela iruditu zitzaidan, eta horiz margotu nuen».

«Jendea ez da konturatzen, baina argitu diogu kolorea Burruntziri, eta Dortokari espresioa hobetu»


Dena den, etengabe probak egin eta berritzen aritzen da. «Zati bat egiten badut gustatzen ez zaitena, probatu egiten dut, ondo geratu arte. Batzuetan klasean nagoela bururatzen zait zerbait eta egindako marrazkiak moldatzen ditut!». Horrela, hain­bat hobekuntza egin ditu. «Jendea ez da konturatzen, baina argitu diogu kolorea Bu­rruntziri, eta Dortokari espresioa hobetu, bekainak eta begia gertuago marraztuta». Eta emaitzarekin pozik dago. «Batzuetan blokeo artistikoa izaten dut, baina hurrengo egunean atera­tzen da. Gogoa daukat jarraitzeko; nire marrazkiek hobera egin dute, eta horrek motibatu egiten nau. Lagunen lehengusu txikiek eta nireak esan didate asko gustatzen zaiela Latxe». 

Umetan animazioa ikasi nahi zuela aitortzen du, «bideo-jokoak egiteko, baina orain, «animaziozko istorio eta pelikulak gustatzen zaizkit».

Hilabetero ale bat
Urumea bailarako ondarea, ohi­­turak, ezaugarriak eta ahoz­­kotasuna lantzen dira Latxe hilabetekarian, eta aniztasun soziala bezalako balioetan hezteko denbora-pasa eta jolasak proposatzen ditu. Bi eurotan saltzen da, eta urteko harpide­tza 24 eurokoa da. Informa­zio gehiago: latxe@kronika.eus edo Kronikan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!