Alain Gerekaetxebarriak 5 urte daramazki Hernanin entrenatzaile lanetan, Ohorezko Erregional taldean. Pasaitarra da eta aurten helburua berriz ere goiko postuetan lehiatzea da, nahiz eta taldea asko aldatu den aurreko urtetik.
Lau jardunaldi jokatu dira. Ze helburu ditu Hernanik aurtengo denboraldian?
Helburua urtero bezela goiko postuetan egotea da. Beste helburua izaten da urtea luzatzen saiatzea, honekin esan nahi dut azken lau partiduetara aukerekin iristea, helburu jakin batekin iristea. Oraindik goiz da jakiteko taldeak non egongo diren. Egia da gutxi gorabehera egin daitekeela radiografia moduko bat. Goran ibiliko dira Anaitasuna eta Eibar, partidu guztiak irabazi dituzte, eta guri gustatuko litzaiguke hor ibiltzea borrokan beraiekin. Hala ere, oraindik goiz da jakiteko.
Aldaketa haundiak izan ditu taldeak pasa den urtetik edo blokea mantentzen du?
Aldaketa haundia izan dugu. Hamabi baja ditugu guztira.
Baja garrantzitsuak izan dira?
Egia esan, bai. Eibarrek herriko hiru jokalari gazte eraman ditu, eta horrek min haundia egin digu. Gero, beste bi Astigarragara joan dira lan kontuengatik; batek anaia du bertan entrenatzaile lanetan. Beste bi hernaniarrek ere utzi dute adinagatik. Lanagatik ere beste bik utzi dute, erabaki pertsonalagatik utzi duenik ere bada... azkenean, guztira hamabi dira, baja dezente.
Eta nola ordezkatu dituzue?
Azken urteetako ildoari eutsi diogu eta jubenil mailan lan ona egiten denez hortik tiratzeko asmoa dugu. Oraingoz bakarra igo da jubeniletatik. Preferenteko taldetik beste hiru pasa dira. Kanpotik ere hiru jokalari ekarri ditugu.
Orduan talde laburragoa duzue pasa den urtean baino.
Zertxobait bai. Pasa den urtean A fitxarekin 21-22 jokalari genituen, eta beste bi B fitxarekin.
Lana egiteko modua aldatzen du horrek?
Bajak urtero izaten ditugu eta jende kopurua ez da askorik aldatzen. Bi-hiru jokalari gehiago edo gutxiago izatearen kontua da. Aurreko urtean B fitxa zuten jokalariak zeuden: eta aurten, berriz, ez. Ez da askorik aldatzen lan egiteko era, eztaplanifikazio garaian ere. Denboraldian zehar badira boladak lesio asko egoten direnak, eta orain, esaterako, bost-sei lesionatu ditugu eta jende gutxiagorekin gabiltza. Ariketak egokitu egin behar dira.
Lehendabiziko hiru partiduetan bi garaipen eta bat berdindu zenute. Azken jardunaldian Tolosaren aurka galdu egin duzue Zubipen. Pozik zaudete eginiko hasierarekin?
Egia esan bai. Jende askok izan du jokatzeko aukera eta emaitzetan bajak ez dira asko nabarmendu. Etorri diren jokalari berriak ongi egokitu dira eta taldera etxean jokatu genuen lehenengo partiduan ongi aritu ginen. Hasiera oso gogorra izango da aurreko partiduan Tolosaren aurka ikusi zen bezela. Aretxabaletan jokatu behar dugu asteburu honetan, gero Anaitasunaren aurka Zubipen... Bergara, Zarautz, Tolosa, Anaitasuna... ez dira aurkari errazak eta lehendabiziko 9 puntuetatik 7 atera izana balantze ona da, nahiz eta gero Tolosaren aurka galdu. Taldearen norabidea goranzkoa izatea espero dugu.
Modan dagoen ‘partiduz partidu’ esaldia jartzen duzue praktikan?
Planifikazio txikiak, motzak egiten ditugu, bi-hiru astetako lana nolakoa izango den erabakitzen dugu prestatzaile fisikoarekin. Hala ere, talde guztiak ez ditut ikusi jokatzen, eta ez ditut ezagutzen. Emaitzak jarraitzen ditut eta astelehenetan irakurtzen ditut partiduen kronika txikiak, baina gauza gutxi gehiago.
Aurredenboraldian ikusten ditugu pare bat talde, beraien aurka jokatzen duzulako. Eibarrek fitxaketa asko egin ditu; ahalmen hori daukate eta goiko aldean ibiliko da, Anaitasuna bezela. Aurten jaitsi da hirugarren mailatik eta lehendabiziko lau partiduak irabazi ditu; eta horrek erakusten du goran egongo dela.
Herriko jendea aipatu duzu. Garrantzitsua da Hernanirentzat bertako jokalari asko eta jokatzen edukitzea?
Klubaren politika eta filosofia da. Nire bosgarren urtea da Hernanin hasi nintzenetik lanean eta hasi nintzenean helburua zen plantila gaztetzea. Momentu hartan kanpoko jende gehiago zegoen, eta bertako gazteei aukera gehiago ematea zen helburuetako bat. Jubenil taldean oinarrituta, gainera kontuan izanda azken lau-bost urteetan oso lan txukuna egin duela herriko jendearekin, guri tokatzen zaigu beraien alde apustu egitea. Konfidantza eman behar genien eta ongi erantzun dute maila altua dutelako. Preferenteko taldea eta jubenilak dira lehendabizi begiratzen ditugunak, eta bertatik hornitzen gara gehienbat. Hala ere, hori ez da bakarrik Hernanin gertatzen den gauza bat. Orokorrean, maila honetako klub guztiak berdin jokatzen dute. Herriko jokalariak izan behar dira oinarria.
Baliabide kontua izango da.
Horrela da. Ez dago baliabiderik fitxaketak egiteko. Aurten baja asko eduki ditugunez, bi edo hiru kanpotik ekarri ditugu eta irten gara, baina asmoa, ahal den neurrian, etxekoekin taldea osatzea da
«Goiko borrokan azkar sartu nahi dugu; zale gehiago hurbiltzen dira eta honela ez gara atzetik harrapatu nahian ibiliko»
Talde gehienak izango dira gazteak Ohorezko Erregional Mailan.
Orokorrean, bai. Denok ditugu 20-32 urte bitarteko bi edo hiru beterano, baina, gehienetan, jokalari gazteekin jokatzen da.
Jubenilek maila altuena galdu izanak zerbait suposatzen dio lehenengo taldeari eta klubari orokorrean?
Guri egia esan ez. Klubarentzako garrantzitsua da mailarik altuenean talde bat izatea eta polita da, baina Ohorezko Erregional mailako taldeari ez dio ezer ere ez suposatzen. Aurreko urteetan ere egon dira Nazional edo Euskal Ligan eta seniorretara pausoa egiterako garaian apustua berdin egin dugu. Aukerak izan dituzte maila eman dutenean eta izango dituzte.
Beste erronka jendea zelaietara hurbiltzea izango da eta jendea Zubipera jaistea. Gustora al zaudete klubean herriaren erantzunarekin?
Gai horretan emaitzak asko nabarmentzen dira. Taldea helburu politengatik borrokan hasten bada zaleak animatzen dira etortzera. Orain bi denboraldi azken jardunaldira arte Anaitasunarekin igotzeko borrokan egon ginenean harmailetara begiratu eta itxura ederra zuten. Jubenilekin ere hori ikusi da, harmaila ia beteta zegoen igotzeko zeudenean. Hasieran gehiago kostatzen da, giroa berotzen da emaitzak laguntzen badute.
Beraz, denboraldi hasiera garrantzitsua da.
Bai, eta aurreko urteetan kosta egin zaigu bolada ona hartzea. Ea aurten azkar sartzen garen borroka horretan, jendea animatzen eta ez garen ibiltzen atzetik harrapatu nahian. yy