«Udaran ia egunero jokatzen zen Galarretan, eta frontoia beteta»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 6a, 02:00

KOteto Ezkurra haundiak erretiroa hartuko du gaur Galarretan. 28 urteko ibilbide luze baten ondoren agur esango dio erremonte profesionalari betirako. Bere kirol ibilbidea Hernaniko frontoiari oso lotua egon da.

Huarteko Euskalen hasi zinen jokatzen, baina Galarreta ere zure etxea izan da.
Nire etxean Galarretarekin beti egon da lotura. Nire aita asko etortzen zen frontoira. 1990­garren urteko uda zen. Euskal Jaien debutatu nuen eta gero Galarretara etorri nintzen. Gutxi ibilita nengoen Her­na­niko frontoian. Ilusioz etorri nintzen. Galarreta da erremontearen katedrala, harrituta igaro nuen uda osoa. Jendetza zegoen egunero.

Nola bizitzen zen erremontea Galarretan urte haietan?
Egun berezia zen Galarretara etortzea. Sartu eta tentsioa na­baritzen zen. Ondo jantzita etorri behar zen, ez nolanahi. Jendetza egoten zen harmailetan eta kontutan hartu behar da ia egunero jokatzen zela udaran. Partidu bakoitza zen oso ga­rran­tzitsua. Apustuekin bu­rrun­da egoten zen. Erres­petua sortzen zuten zaleek, buelta bat bazegoen izugarriak entzun behar izaten genituen. Bela­rriak jaitsi eta jokatzen jarraitu besterik ez zegoen. Berdin zen figura bazinen edo ez. Diru asko eta asko jokatzen zen. Txistu latzak entzundakoa naiz. Par­tidu txarra jokatuz gero Eus­kalera joaten zinen zigortuta.

Gero beherakada etorri zen.
Pixkana pixkana ohiturak alda­tzen joan dira eta Galarreta hustutzen joan zen. Aurreko enpresak utzi egin zuen eta hilabete batzutan itxita egon zen Galarreta. 2010ean Oria­mendi­2010 enpresa berria sortu zen eta handik gutxira egoera nolakoa zen argitu zigun. Denen artean esfortzua egin dugu aurrera ateratzeko. Erremontea garai batean zen bezela ez da itzuliko, garai onak pasa dira. Ohiturak aldatu dira, apustuak egiteko era ere aldatu da. Frontoira apustu egitera etortzen zen ikuslea desagar­tzear dago. 

«Negozio bezela agian bai, baina erremontea ez da desagertuko»

Etorkizun iluna du beraz erremonteak?
Negozio bezela bai, baina ez kirol moduan. Kirol bikaina, dotorea da, erremontea ez da desagertuko.

Eta iritsi da azken eguna. Zer sentipen dituzu?
Urduritasuna sartu zait eguna hurbiltzen doan heinean. Gala­rretak azken urteetako sarrerarik hoberena edukiko du, izugarri ari da jendea mugitzen eta badakit hunkituko naizela.  Emo­zioz beteriko eguna izango da eta gozatzera aterako naiz. Ea denak ongi pasatzen dugun.

Zeberio eta Ionen aurka, Etxeberriarekin ariko zara.
Partidu hori aukeratu dut arrazoi askorengatik. Lagunak dira, Etxeberria doneztebearra eta kintoa. Zeberio lagun miña, Ion bezala... 

«Erremontea nire bizia izan da eta naizen guztia eman dit»

28 urte badira urteak. Bizipen asko dituzu eta kirol arloan txapela asko irabazitakoa zara. Zerekin geratzen zara?
Txapelekin baino gehiago nire­tzako garrantzitsuagoa da urte guzti horietan hor puntan egotea. Ibilbide zoragarria izan da. Momentu sinestezinak bizi izan ditut, jende asko ezagutu dut, lagun haundiak egin ditut, pribilegiatua izan naiz bai kirol ikuspuntutik eta baita gizatasun aldetik ere. Erremontea nire bizitza izan da eta naizen guztia eman dit. 

Txapelek ere bere garrantzia dute ezta?
Bai, baina erremonteak fun­tzionatzeko beste modu bat du. Galarretan egunero jokatzen da dirua, hortik lortzen du enpresak dirua, eta partidu guztietan eman behar da %100a. Ez du balio txapelketetan ongi jokatu eta gero ez. Alderantziz urte osoan ibili behar da ondo eta horregatik nago harroen nire ibilbidean.

Lehendabiziko banakako txapela 1995ean irabazi zenuen eta azkena 2011n. Hamaika guztira. Bada marka.
Lehendabizikoa iraultza izan zen Galarretan. Atzetik sartu nintzen eta denak menderatu nituen. Gero ere berezia izan zen hamargarrena. Obsesio moduko bat sartu zitzaidan hamar zenbaki horrekin eta azkenean lortu nuen eta oraindik ere irabazteko gai nintzela erakutsi nuen, bederatzigarrenetik urte batzuk pasa eta gero. Azkenean 11 lortu ditut. 

Aurkari gogorrak izan dituzu.
Bai. Hasierako urteetan Elizalde zen aurrelarietan nagusi, gero buruz burukoan Eizagirre, Lizaso eta azkena, Patxi Zeberio. 

Baina Ezkurraz hitzegiten de­nean jendeak Jesús Abrego­ magoarekin alderatzen zaitu. Inoiz egon diren bi erremontista hoberenak diote.
Horrek lotsa pixka bat ematen dit. Ez zait gustatzen. Abrego ere bere garaian erreferentea zen, mitoa, legenda... berarekin alde­­ra­tzea ohore bat da. 

Asko aldatu da jokoa bera hasi zinetik gaur egunera arte?
Aldaketa asko ezagutu ditut ikuspuntu guztietatik. Mate­riala asko aldatu da, zestak lastozkoak ziren eta hilabetero aldatu behar zen. Jokoa ere aldatu da. Urtean zehar 160 partidu inguru jokatzen nituen, Etxabe eta Elizaldek 185 jokatu zituzten esaterako, gaur egun baino hiru aldiz gehiago baina, lehen esan dudan bezela, gehi­ago aldatu da  saretik haratago. 

«Galarretan ia mundu guztiak euskaraz egiten zuen eta nirekin zeudenean, ordea, gaztelerara pasatzen ziren. Horrek min ematen zidan eta euskara ikasi nuen»

Erremontean hasi zinenean ez zenekien euskeraz eta orain dotore baino dotoreago mol­da­tzen zara.
16 urterekin ez nekien euskaraz. Aitak bazekien, baina amak ez, eta Donezteben gazte­la­­niaz ikasten zen. Galarretan ia mundu guztiak euskaraz egiten zuen. Eizagirre, Zeberio, altu­natarrak, Etxabe... euskaraz aritzen ziren eta entzuten nituen. Nirekin zeudenean or­dea gaztelerara pasatzen ziren eta hori ez zitzaidan gustatzen. 1995eko lehenengo txapela irabazi eta Lazkaon barnetegi batean sartzea erabaki nuen. Bertan egon nintzen zortzi hilabete jo eta fuego euskara ikasten. 

Eta horrekin batera erremontean jokatzen jarraitzen ze­nuen?
Bai, noski. Barnetegiko bizitza egiten nuen eta gero entrenatu eta partiduak jokatzen nituen, bi eginbeharrak uztartuz.

Azken urteetan lesioak izan dituzu. Horrek zure ibilbidea moztu du?
Ez dut kexarik alde horretatik. Lesio gutxi izan dut ibilbidean zehar. Garrantzia gehiegi eman zaio horri azken boladan. Inoiz ez dira ongietorriak, baina zorionekoa izan naiz eta ez ditut asko eduki. Oso lehiakorra izan naiz eta agian gehiegi estutu dut nire gorputza.

Lehiakorra esan duzu. Partidu guztietan eman duzu daukazun dena. 
Horrela da. Erremontea nire profesioa izan da eta oso serio hartu izan dut beti. Beasain­eraino joaten nintzen astero masajistarengana. Eta kantxara irteten nintzen bakoitzean dena ematen nuen, inongo beldurrik gabe. Plaza gizona izan naiz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!