hitzetatik ekintzetara pasatzea da Kutxa Ekogunearen helburu nagusia, eta horretarako, ezagutzaren garrantzia aldarrikatzea ezinbestekoa da. Hori da, hain zuzen, Hezkuntza Eskaintza osoan egiten dutena: «Gai bati buruzko jakintzak, gai horrekiko sentikor egiten gaitu, beraz jakintza sentsibilizazioaren ardatz nagusia da"», dio Jon Ander Galarragak, Hezkuntza programako arduradunak.
Tailerrak, horretarako
Zentzu horretan bi ikasturtetarako Hezkuntza Eskaintza osatzen du Kutxa Ekoguneak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Ohi bezala, sei ataletan banatuta egiten dituzte tailerrak: ura, energia, hizkuntza-ekologia, biodibertsitatea, kontsumoa eta bizikidetza.
Azkeneko hau da berrikuntza: «ez bakarrik gizaki-gizaki artean, baizik eta gizaki ez diren bizidunekin ere bai». Hori lantzeko tailerren artean, haur txikiekin abeletxean egiten dutena dago: «animaliekin hartu eman bat bultzatzen dugu. bisitariak gu geu garela kontutan hartuta».
Putzu artifiziala, berrikuntza
Animaliekin jarraituz, horren adibide da, baita ere, Intsektuen bila tailerra: «gure gizartean beti ikusi dira Intsektuak kaltegarriak bezala, tailer honetan, intsektuenganako ikuspegi hau aldatzen saiatzen gara, intsektuei buruzko informazioa ikasleei emanez eta hauenganako sentikortasun bat bultzatuz eta bide batez, hauek zapaltzeko dugun ohitura burutik kenduz!», onartzen du Galarragak.
Ezagutzaren balioa aldarrikatzen duen metodologia hau, hain zuzen, gai guztietan aplikatzen du Kutxa Ekoguneak: «tren bat bezala da; makinista da ezagutza, eta atzetik dakar sentsibilizazioaren bagoia. Tren horretan Kutxa Ekogunea da pilotua».
Izan ere, Jon Ander Galarragak kezka bat ere mahaigaineratzen du: «paradojikoa da Euskal Herri naturzale honetan, gure kulturan gizaki bizidun batzuk oso demonizatuta egotea».
Gauza bera egiten dute Baratzegintza tailerrean. Kasu honetan, aldiz, «lurrarekiko lotura lantzea da helburua».
Talde lana lantzeko tailerra ere egiten dute: Zuk zeuk eraiki. «Inongo gidaritzarik gabe, ikasleek tipi bat eraikiko dute talde lanean, adar, soka eta lastoarekin. Hasieran guztia da kaos bat, baina ikasle bakoitzak poliki poliki eraikuntza horretan bere rola hartzen du eta ordu bete barruan tipi zoragarri bat eraikitzen dute», azaltzen du Jon Ander Galarragak.
Berrikuntza gisa, aurten, putzu artifiziala sortu dute araztegiaren ondoan: «honekin erakutsi nahi diegu gizakiok artifizialki ere bultzada eman diezaiokeela naturari». Hasiera modu artifizialean egin bazen ere, orain espezieen dibertsitateaz gozatu daiteke, horretarako bertan eraiki duten balkoietik.
Eskaintza zabala
Ingurumena da Kutxa Ekoguneako Hezkuntza Eskaintzaren ardatza: «edozein arlo ukitzen du, erabat transbersala da; horretaz konturatzea bakarrik falta zaigu». Horregatik, nahiz eta programa nagusiak Haur Hezkuntzatik DBHra bitartekoak, eta +16 programa izan, ikastetxe espezializatuentzat ere, bisitak egiten dituzte.
Eskaintza osoaren inguruan informazio gehiago eskuratzeko: 943 552 020 edo hezkuntza@ekogunea.eus.