Hegoafrikar bat Euskal Herrian. Nola iritsi zara honaino?
1997. urtean Ingalaterrara joan nintzen oporretara, mundua ikustera. Hasiera batean, hiru hilabeterako, baina bertan lanean hasi nintzen eta ez nintzen etxera bueltatu. Hasierako hiru hilabeteak, 9 urte luzatu ziren, oporrak dezente luzatu zitzaizkidan.
Han nengoela ezagutu nuen egun nire emaztea dena; donostiarra da, eta ingelesa ikastera joan zen. Cambridgen bizi izan ginen hiru urtez, eta 2005ean Donostiara etorri ginen; 11 urte daramazkigu hemen.
Ingalaterran ere, eskultorea al zinen?
Duela lau urte hasi nintzen eskulturan, nahiz eta betidanik gustatu izan zaidan artea. Izan ere, Arte Ederrak ikasi nahi dituztenei bai gurasoek baita irakasleek ere esan izan digute artea hobby gisa praktikatu behar dugula, oso zaila baita arte mundutik bizitzea. Eta nik, 18 urterekin kasu egin nien; ez nituen Arte Ederrak ikasi, baina betidanik izan dut sortzaile izateko grina.
Duela lau urte, aldiz, aukera izan nuen, eta eskulturan jarduteko, lana utzi egin nuen. Prozesu osoa ustekabean gertatu da.
Orduan Igaran egiten nuen lan, simulatzaileak (trenak, kamioiak, motorrak, kotxeak...) diseinatzen dituen enpresa batean instalatzaile moduan. Egitura metalikoen hornitzaileetako batek Hernanin dauka galdarategia. Nagusia enpresara etorri zen behin, eta komentatu nion soldatzen ikasi nahiko nukeela; behin bere tailerrean ‘jolastera’ gonbidatu ninduen eta halaxe hasi zen dena. Niretzat aukera bat izan zen.
Aurreneko eskultura bukatu nuenean, oso pozik eta harrituta negoen egindako lanarekin, horregatik, galdarategiko nagusiari galdetu nion niretzat lanik ba ote zuen tailerrean. Eta bide batez, ea aukera izango nukeen nire ordu libreetan tailerra erabili nezakeen nire eskulturak egiteko. Baietz esan zidan, eta bertan hasi nintzen, lanean. Hiru hilabete besterik ez ziren izan, lana utzi egin bainuen, eskulturan bete-betean murgiltzeko.
Oso garai zaila izan zen; eskultore lanetan hasiberri izanda, ezinezkoa da horren kontura bizitzea, izan ere, ez nintzen ezaguna, ez nintzen inor artearen munduan. Ez nuen bizitzeko dirurik irabazi, materialak eta horrelakoak ordaintzeko baizik. Egoerari aurre egin ahal izan nion, egoerak hobera egingo duelako itxaropenaz. Eta halaxe izan da! Egun eskulturatik bizi naiteke.
«Ni europearra naiz, baina Afrikan jaio nintzen eta arima afrikarra daukat. Eta hori, bereziki agertzen da nire obran»
Eta orain, galdarategitik Celaya Burdindegira pasa duzu tailerra. Ezta?
Bai, baina duela bost hilabete besterik ez. Tailer horretan txoko txikia neukan lan egiteko eta leku gehiago behar nuen. Hemen oraindik ez daukat nahikoa, baina hiru bider haunditu da.
Celaya enpresara nola iritsi zinen?
Celaya ezagutzen dut galdarategiak hemen erosten zuelako materiala. Honera etortzen nintzen ni materiala hartu eta tailerrera eramaten nuen. Hemen zegoen bakoitzean nagusiarekin hitz egiten nuen eta nire istorioak kontatzen nizkion. Behin txoko hau ikusi nuen eta galdetu nion ea alokatzerik ba ote nuen, beraiek ez baitzuten erabiltzen. Baiezkoa eman zidaten, eta hemen nago orain.
Hori da, orduan, Hernanirekin daukazun lotura. Zer eman dizu herri honek?
Orain daukadan guztia, zoriontasuna. Hernani nire bigarren etxea da. Ia egunero nago hemen, larunbatak eta igandeak barne. Hemen gainera, artista askok egiten dute bat.
Zure lanera bueltatuta. Eskultura egiten duzu, zein materialekin? Itxura ezberdina dauka bakoitzak…
Altzairu soldatua da. Estiloari dagokionez, ez dut esango nirea bilatzen ari naizenik, baina jolastea gustatzen zait, esperimentatzea eta buruan hainbeste ideia edukita, kosta egiten zait gai baten bueltan aritzea.
Hamaika gauza ezberdin egiten ditut, hainbeste egin nahiko nituzke…
Zein da lan egiteko duzun prozedura?
Proiektuak dauzkat, baina ideia eta lan gehienak gauean bururatzen zaizkit. Seguru nago batek baino gehiagok bizi izan duela niri pasatzen zaidana. Egunean zehar bi momentu nabarmenduko nituzke: goizean, esnatu berri; eta gauean, lotara zoazenean. Eta tartean badago tarte bat, trantsiziozkoa, ez zaude esna, ezta lo ere; nik esaten dut trantsizioa dela kontziente egotetik inkontziente edo lo egotera dagoen tartea.
Momentu honetan dena argiagoa da; galdera guztiek daukate erantzuna orduan eta orduan sortzen zaizkit ideiak. Nire ideiak eta nire inspirazioa nire gaztaroko memoriak dira funtsean, txikia nintzenekoak.
Gainera, nire ustez, gure arbasoen memoriak dakarzkigu gure DNAn. Eta ez aitarengandik edo aitonarengandik, baizik eta atzerago; memoria batzuk zurekin datoz eta orduan azaleratzen dira. Nire ustez tarte hau hoberena da ez dagoelako mugarik; galdera guztiek daukate erantzuna eta memoriak argiagoak dira.
Dena den, momentu honetan ez badut ezer apuntatzen edo marrazkirik egiten ez badut, erabat ahazten ditut. Horregatik, ni ohera beti joaten naiz koaderno batekin.
«Itxaropen haundia neukan burutik pasatzen zitzaidan horretan, eta banekien hontza Mugaritzen jarriko zela. Nik beti esaten dut nire ametsak bizi egiten ditudala»
Memoriaz hitz egiten duzu, eta hain justu, zure web-orrian diozu zure bizitza «Hego-Afrikako koloreekin, formekin eta soinuekin idazten da». Hala deskribatuko zenuke zure obra osoa?
Nire sustraiak Afrikan daude; herrialde basatia da, tradizio haundikoa. Ni europearra naiz, baina Afrikan jaio nintzen eta arima afrikarra daukat. Eta hori, bereziki agertzen da nire obran, eta nire irudimenean. Izan ere, horrek inspiratzen nau, nire oroitzapenek, bertako lagunek… egoera orok. Oroitzapen asko imajinarioak dira, gaztetxoa nintzenekoak, nire mundo fantastikokoak. Batzuetan ez dakit egiazkoak diren, baina denak kaleratzen saiatzen naiz, besteei erakusten.
Formei dagokionez, berezkoa al duzu baten bat?
Bai, badago forma bat; ia nire lan guztietan zirkulu bat ateratzen da. Gehienetan, espazio hutsa izaten da; beste batzuetan, aldiz, ez da hain hutsa, baina zirkulua egon badago.
Nimiñoa naizela imajinatzen dut, eta zirkulu horretan sartzeko gai naizela. Bertatik, mundua ikusi nezake aurreraka edo atzeraka. Ni neure errealitatean bizi naiz, nire munduan, eta pentsatu nahi dut zulo horietatik begiratzen dudan bakoitzean, beste aldean errealitatetik haratago dagoen mundu bat dagoela. Jolasten ari naiz, nire berezko irudimenarekin. Pentsatu nahi dut egunero bizitzen dugun horren atzean ere, badagoela zerbait.
Mugaritz jatetxean dagoen Hontza da zure lanik ezagunenetakoa. Nolatan sortu da Andoni Luis Adurizekin harremana?
Istorioa nahiko bitxia da. Hemen inguruko margolari-eskultore batek lan bat zeukan Mugaritzen, eta gure tailerrera eraman zuen berritzeko. Behin hori eginda, tailerreko nagusiak eskatu zidan Mugaritzera eramateko, berriro ere instalatzera. Bertara iritsi eta zelai horiek ikusi nituen, eta izugarrizko terraza eta eraikina eta pentsatu nuen zelai horretan nire lan bat jarri nahi nuela.
Hasieran ez nekien zer egin; eta inorekin hitz egin gabe, eskultura hura egiten hasi nintzen. Itxaropen haundia neukan burutik pasatzen zitzaidan horretan, eta banekien hontza Mugaritzen jarriko zela. Nik beti esaten dut nire ametsak bizi egiten ditudala, eta bizitzen badituzu, bete egin behar direla; eta hala izan zen. Hontza bukatu nuen, eta Andonirekin [Luis Aduriz, jatetxearen jabea] hitz egitera joan nintzen Mugaritzera. Tailerrera gonbidatu nuen, eta jatetxeko beste batekin etorri zen. Behin tailerrean, hontza inguratu zuen, eta 10 segundura, galdetu zidan: «Noiz etorri zaitezke instalatzera?». Ni ezin sinistu geratu nintzen, hain erraza izan zen…
Baina hori ez da Mugaritzen daukadan lan bakarra. Hontzarekin batera jarri genuen Akerbeltz terrazan. Niretzat ikaragarriagoa da, hontza baino gehiago gustatzen zait niri.
Duela bost hilabete, izan zenuen aukera Basque Culinary Centerren obra bat jartzeko. Batak bestearekin loturarik ba al du?
Ez, ez dauka zerikusirik, baina antzeko istorioa da. Santos Bregaña diseinatzailea galdarategiko tailerrera joan zen laguntza eske, izan ere, Basque Culinary Centerren jartzeko bi objektu behar zituzten, tronua eta armadura. Nagusiak esan zion niri deitzeko, eta hala egin zuen. Bi objektuen proiektua eman zidan, eta bertan daude orain.
Zure ustez, jendeak zer ikusten du zure lanetan?
Nahiz eta helduak izan, denok daukagu haur puntu bat. Nire lanek asko daukate irudimenetik, eta eguneroko arazoetatik ihes egiteko modu bat izan daitezke, norberaren irudimenak hegan egin dezan lagundu dezakete nire lanek. Baina zaila egiten zait zehaztea, aniztasun haundia baitago nire lanen artean; denentzako dago zerbait!
Eta nola ezagutzen zaitu jendeak?
Hainbat erakusketa egin ditut, eta nire web-orrian ere ikusi daitezke nire lanak. Baina, batez ere, enkanteak egiten dituen Interneteko plataforma bat topatu dut oso ondo dabilena. Enkante hauetan saltzea baino, niretzat baliogarriagoa da publizitatea debalde egiten dutelako. Enkanteen berri ematean, parte-hartzen duten artistak aipatzen dituzte, tartean ni neu. Bertatik nire web-orrira joan daitezke, eta zerbait gustatzen bazaie eta erabilgarri baldin badago, nirekin jartzen dira harremanetan.
Zure etorkizuna eskulturak imajinatzen al duzu?
Zalantzarik gabe. Egoerak hobera besterik ezin du egin; lau urte daramazkit eta oso denbora gutxi da. Dena den, lan gogorra da; ez da bakarrik tailerreko lana, kalera ere atera behar da, galeriekin hitz egitera, jendearekin… Azken finean, zure burua artista gisa saldu beharra daukazu!