DIA%KO langileak egun osoko greba egingo dute urriaren 11ean, ostegunean, katearen Gipuzkoako denda guztietan. «Langile Komiteko kideok enpresan bizi dugun erabateko esplotazioa eta prekarietatea salatzeko egingo dugu greba osoa».
Astigarragako DIA%ren aurrean eman zuten prentsaurrekoa ELA, LAB, UGT, eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Bertan adierazi zuten «DIA%ko langileok denbora asko daramagu prekarietate egoera hau sufritzen. Langileak eta komitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, askotan lekualdaketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakuntza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako, ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz».
CCOOeko ordezkariak adierazi zuen: «Langile falta nabarmena eta orokorra da DIA%ko dendetan. Honen ondorioz, egungo plantilako kideok dugun lan karga oso altua da. Eta honek zuzenean, gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du. Denda batzuetan bi pertsona besterik ez daude lan guztiak aurrera ateratzeko: kaxari kasu egin, baldak berritu, garbitu... ezinezkoa da enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar bezala aurrera ateratzea».
Kaleratzeak DIA% supermerkatuetako ohiko politika direla dio CCOOek. «Berdin dio behin behinekoa izan edo hamar urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea. Lankide asko kaleratuak izan dira gaixotasun bajan zeudela. Zehazki, udara honetan 12 langile izan dira kaleratuak. Gainera, kaleratze hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak».
UGTko komiteko partaidearen esanetan. «Egoera erabat prekarioari azken ginda jartzeko, DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. lehen denda Bizkaian ireki dute. Goizeko 8:30etatik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz. Denda eredu honen ezarpena erabateko sekretismoarekin egiten ari dira, benetan izango duen funtzionamendua eta langileengan izango duen eraginak irekiera baino egun batzuk lehenago azalduz».
«Arrazoi guzti hauengatik, eta enpresaren pasibotasuna ikusita, pauso bat aurrera egingo dugu» diote sindikatuek eta Gipuzkoako DIA%ko langile komiteak. Egun osoko greba deialdia egingo du. «Bizkaiako kideak ditugu eredu. Urriaren 11n, 12:30etan, Donostiako Buen Pastorren burutuko dugun elkarretaratzean gonbidatu nahi ditugu DIA%ko langileak».