Udal igerilekuko obraren inguruan sortutako zalantzak argitzeko ezohiko Plenoa egin zen atzo, eguerdiko 12:00etan, EAJk eskatuta. Lehenik eta behin, EAJko bozeramaile Andoni Amonarraizek keja azaldu zuen abuztuaren 30ean egin zutelako eskaera, 19:00etan egin zedin, baina alkateak deialdia egiteko epea deialdia egin gabe pasa zenez, legearen arabera atzo eguerdira arte atzeratu zelako. Alkatea eta EH Bilduko lau zinegotzi, EAJko hiru, PSE-EEko bi eta OHko bat bertaratu ziren.
Jeltzaleek 10 zalantza argitzeko eskatu zuten, «Eraikinetako Instalazio Termikoetarako Araudiak (RITE) derrigorrezkotzat jotzen dituen baldintza batzuk betetzen ez» direlako, edota txostenetan hainbat datutan kontraesanak agerten direlako: «azpikontratuen aktak sinatu gabe daude, eta ez da legala. 11 azpikontratu ez dira ageri».
Esti Aldeiturriaga, EH Bilduko kirol jardueretako zinegotziak azaldu zuen «obra zuzendaritzak, obra gidatu duten enpresek eta udal teknikariek argitu» izan dizkiotela zalantza horiek lehenago ere. Luis Intxauspe alkateak ere berretsi zuen «obra batean, obra bera ondo joatea, gidatzea eta bukatzea nahi» dutela, eta horretarako pausuak eman dituztela; «’uste dugu’ esateak ez du balio; horretarako daude txosten teknikoak». Aldeiturriagak gehitu zuen «zerbait gaizki dagoela dioen iritzi teknikoa egonez gero, txostena eskatzen aurrenekoa» dela udal gobernu taldea. Zentzu horretan, argitu zuen, esaterako, epaitegietara jo dela aldageletako lurra irristakorra zelako; makinaria berriak «bete beharreko baldintzak bete eta eman behar duten zerbitzua emateko egokiak direla»; lamina isolatzailea jartzeko aurrekontua eskatuta dagoela; biomasa galdarari dagokion akatsa benetakoa den edo mekanografia akatsa den aztertzen ari direla; etab.
Horiek argituta, alkateak EAJri egotzi zion «liskar politikoa» bilatu nahia, gaiarekiko «obsesioa» eta «teknikari bat aktak sinaraztera iritsi» izana. Amonarraizek, berriz, «teknikariak gezurra» zioela esan zuen, eta berretsi zuen hainbat galdera erantzun gabe geratu direla; «teknikari independienteek egin behar lukete txostena».