«Itsu-itsuan aritu da EH Bilduren udal gobernua, legealdi honetan»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 4a, 02:00

Aurreko asteko Plenoan gertatutakoaren harira, bere postura azaldu du Orain Hernani udal taldeak. Izan ere, nabarmendu du, «nahikoa da» esateko garaia iritsi zaiela: «legealdi honetan, Hernaniko herri­tarrak kezkatzen dituen arazoei dagokienez, itsu-itsuan ari­tu da EH Bilduren udal go­ber­nua. Eta gure ardura da, udaletxe barruan gertatzen dena azaleratzea», diote.

Azaldu dute, mozio bana aurkeztu zutela EAJk eta Orain Hernanik, kutsadura akustikoari eta airearen kalitateari buruz: «Plenoaren aurreko bi­le­ran, aurreneko gaiarekin la­nean ari direla azaldu zuen alkateak, eta aukera bat emateko asmoz, mozioa erretiratu zuen EAJk; gure kasuan, be­rriz, kontramozio bat aurkeztu zuen udal gobernuak, gai ordenean jasota ez zegoena, esanez gure testuan ez zela egungo egoera azaltzen, eta horretan lanean ari direla. Hernanin egon ba­da­goen arazo bat planteatu ge­nuen guk, kalean komentatzen dena eta herritarrek helarazi izan digutena. Nahi dugu arazoari konponbidea bilatzea berehala».

Bi mozioen artean zein bozkatu eztabaidatu zuten Ple­noan, eta Orain Hernanirena bozkatu zuten azkenean, baina puntuz puntu: «bigarren puntuan bakarrik lortu zen adostasuna; beste bietan, EH Bil­duk kontra bozkatu zuen, diotenez, horretan lanean ari direlako».

«‘Horretan lanean ari gara’ dioten gaiak, zergatik ez dituzte  eramaten batzorde informatiboetara?»

«Inkesta bat egin dute, diru publikoarekin, esan gabe»
Beste kontu bat ere eman nahi izan du aditzera, Orain Her­na­nik: «jakin dugu, inkesta bat egin dutela, Legealdi bukaerako inkesta izenburuarekin. Alka­te­­tzatik eskatu dute inkesta hori, oposizioari jakinarazi gabe bes­te behin, eta diru publikoarekin ordaindu diren 13.000 euro inguruko kostuaz. Horregatik, Plenoan galdetu genuen, eta konfirmatu ziguten hala dela. Eta hortxe daukagu legealdi honetan hainbatetan salatu dugun arazo bat, gardentasun falta. Ez dugu zalantzan jartzen inkestaren legitimotasuna eta legezkotasuna; baina ez litzateke interesgarriagoa izango, gainerako alderdi politikoen ekarpenekin egitea? Diru publi­koarekin ordainduta, ez zen udal talde guztien partehar­tzearekin egin behar? Noski, erantzun ziguten jakinaraziko dizkigutela emaitzak... Baina ez bagenu ezer galdetu, esango ziguten zerbait?».

Horren harira, hausnarketa bat ere planteatu du: «horretan lanean ari gara dioten gai guztiak, zergatik ez dituzte batzorde informatiboetara eramaten? Horretarako daude, hain justu. Benetan uste dute sinisten diegula? Uste dute herritarrek pentsatuko dutela egia dela, gehien kezkatzen gaituzten arazoetan lanean ari direla prentsaurrekorik eman gabe eta argazkietan atera gabe?».

Salatu dute, EH Bilduk ez duela oposizioa kontutan har­tu legealdi osoan: «baina ez gau­de Pleno Aretoko tertziopelozko besaulki zoragarrietan eser­tzeko bakarrik. Herritarren zati haundi bat ordezkatzen du­gu, eta horretan segiko dugu, nahiz eta oztopoak jarri eta informaziorik ez eman».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!