Europako hegoaldeko eta Latinoamerikako eragileen bisita jasoko du gaur Hernanik, ekonomia sozial eraldatzailearen proiektuak ezagutzera etorriko baitira, Hernaniko Udalak jakinarazi duenez. Alternatibak Ekonomia Popularrera bidean nazioarteko ikastaroaren barruan egingo dute bisita, REAS Euskadik, EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak eta Paz con Dignidad OMAL elkarteek dinamizatzen dutena.
Goizeko 11:00etan egingo diete harrera, eta hitzaldia eskainiko dute Luis Intxauspe alkateak eta Esti Aldeiturriaga eta Xabier Lertxundi zinegotziek. Gero, 12:30etan, Andoni Egia Beterri-Buruntzako Toki Garapenerako teknikariak hartuko du hitza: hizpide izango ditu, ESEa Tokiko Garapenerako Politika Publikoetan, eta Iturola elkarlangunea. Eta hain justu, 13:15etan bisitatuko dute Iturola, bertako kooperatibekin topaketa eginez. Goiz Eguzkiko tabernan bazkalduko dute, eta Karabeleko proiektua ezagutzera hurbilduko dira, azkenik.
Ekonomia Sozialaren Munduko Foroan, alkatea
Aurreko egunetan, gainera, ekonomia sozialaren beste ekitaldi batean hartu du parte Luis Intxauspe alkateak: Ekonomia Sozialaren Munduko Foroan hartu du parte, Bilbon. Hasiera ekitaldira, mundu osoko 25 alkate gonbidatu zituzten; horien artean Intxauspe bera. Bertan laburtu zituen, Hernaniko Udalak ekonomia sozialaren alde egindako ekimen nagusiak. Hiru egunetan zehar, foroan parte hartu dute mundu osoko tokiko gobernuetako ordezkariek, NBEko agentziek, eta 80 herrialdetik gorako Ekonomia Sozial eta Solidarioko bazkideek. Guztira, 1.700 adituk eman dute izena.