Gipuzkoako komisaria eta epaitegietan garbiketa lanak egiteko Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresa da Garbialdi, eta irailaz geroztik greban daude bertako langileak. Eusko Jaurlaritzak esleipenetan aurrekontua igo badu ere, langileek salatu dute «2016tik Garbialdik ez dituela soldatak igo», eta Jaurlaritza ere arduradun egin dute, «egoera hau onartzeagatik».
Hernanin izan ziren pasa den ostiralean, bertako Ertzain-Etxearen aurrean protestan, eta Donostia eta Tolosako komisaria eta epaitegien aurrean ere mobilizatzen ari dira.
Oraingoz, urriaren 16ra arteko epea jarri dute, eta ordurako negoziazio mahaia esertzen ez bada, greba mugagabea egiteko asmoa agertu dute.
Emakumeak, prekarietatean
ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek deituta ari dira greban Gipuzkoako komisaria eta eraikin judizial eta adin txikikoen zentroetan, «bi konbenioen negoziazioetan Garbialdik izandako jarreraren aurrean, langileek mobilizazioetara jo beste biderik ez dutelako izan, lan baldintzak hobetzeko». Aldarrikatu dutena da «maskulinizatutako bide-garbiketa sektorearekiko dagoen soldata-tartea desagertzea».
omisarietan, soldata-tartea %13koa dela salatu dute, eta epaitegi eta adin txikikoen zentroetan, %7koa. «Beste behin, emakumeak dira prekarietatean bizi direnak; denera 60 langileri eragiten baitie honek, eta horietatik %95 emakumeak dira».
Garbialdi eta Eusko Jaurlaritzari «diskriminazio honekin bukatzeko» eskatu diote.