Ikasturte berria modu berezian hasi du aurten Dobera Euskara Elkarteak. Izan ere, 25 urte bete ditu, 1993an sortu baitzuen Hernaniko euskaltzale talde batek. Hori ospatzeko, azaroa aldean festa egun bat antolatuko du.
Dena den, Doberan lanean hasiak dira dagoeneko, eta urteroko egitasmoek martxan jarraitzen dute elkartearen helburu nagusia lortzeko; euskeraren erabilera soziala indartzea, eginez eta eraginez. Izena eman edo informazioa lortzeko, Larramendi 11ko bulegotik pasa edo 943 33 27 99 telefonora deitu daiteke.
Gaurtik martxan, egitasmoak
Hain zuzen, aste honetan bertan hasiko dute ikasturte berria, egitasmo gehienetan.
Hamaika Batuaz, esaterako, etorkinei eta, orokorrean, euskerarekin harreman haundirik ez duten ikasleei zuzendutako programa da, ezagutza indartzeko. Lehen Hezkuntzako 3 eta 6 mailen arteko ikasleekin bi talde osatu dira, eta DBHkoekin, beste bi.
Aste honetan hasiko dute ikasturtea euskeraren erabilera soziala indartzea helburu duten egitasmoetan. Izena eman daiteke.
Jolas eta Solas ekimenaren bidez, berriz, modu ludikoan, jolasen bitartez, haurrek euskeraz egiteko ohitura indartzea sustatzen da. Haur Hezkuntzako 5 urteko haurrekin hasi eta Lehen Hezkuntzako 4garren mailara artekoekin elkartzen dira Doberako begiraleak, eskoletan.
Lehen Hezkuntzako 5 eta 6garren mailakoei irakurzaletasuna eta idazteko grina pizteko egitasmoa da, bestalde, Hala Bazan; Apaxi ipuin kontalariak hainbat saio egiten ditu eskolaz eskola, eta ondoren, haurrek idazten dituzte ipuinak.
Ipuin Faktoria sailean, bestalde, hainbat herritako ipuinak argitaratu dira dagoeneko, euskeraz eta jatorrizko hizkuntzan. Laster, Txori txikia eta krokodiloa ipuin senegaldarra argitaratuko da.
Motibazio Saioetan, berriz, euskeraren eta gainontzeko hizkuntzen inguruan hausnarketa egitera animatzen dira DBHko ikasleak.
Helduenei begira, azkenik, Gure Artean Euskaraz egitasmoaren barruan, Mintzalagun edo Gurasolagun taldeetan mintzapraktika egiteko aukera ematen da.
Autobusa, Kilometroak festara
Bestelako proiektuak ere bul-tzatzen ditu Doberak: Negulekuak, Udaleku Ibiltariak, Zinea Euskaraz! saioak, Bota Bertsoa! bertso-paper lehiaketa, hitzaldiak... Kronika egunkaria bera ere, Doberako proiektuetako bat da.
Era berean, ikastolen aldeko festetara joateko autobus zerbitzua ere ematen du. Hain zuzen, igande honetan Urretxu-Zumarragan egingo da Kilometroak, eta autobusa jarriko du Doberak; ostegunera arte eman daiteke izena.
Bazkidetzaren inguruan, ez ohiko batzarra
Doberaren sorrera bultzatu zutenak eta babesten dutenak bazkideak dira; gaur egun, 430 inguru dira denera, tartean, herriko hainbat elkarte.
Maiatzeko urteko batzarrean hauetako batzuk egindako eskaerari erantzunez, ez ohiko batzarrera deitu ditu zuzendaritzak, bazkidetza ereduaz eta martxan dagoen kanpainaz eztabaidatzeko. Asteazkenean izango da, 19:00etan Biterin.
Era berean, ospakizun giroan murgiltzen hasteko, logo berria aurkeztuko du Doberak laster, eta baita webgune berritua ere.