EGILEA: GAIZKA IZAGIRRE BROSA
Ohiko sailez gain (Ofiziala, Zabaltegi, Perlak, Zuzendari berriak, Zinemira…) berrikuntza dezentez beteriko motxilarekin datorkigu aurtengo Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera sail berria adibidez; urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako saila izango da, lehiaketaren parte. Atal honetan ez dago arau formalik, ezta gai-mugarik ere.
Baina abenturarako animo gabe bazaudete, urteroko ohar berdina emango dizuet: kontuz Sail Ofizialarekin. Mundu mailan ekoitzi diren eta estreinatu ez diren film luzeen aukeraketa da hau, benetako loteria bat izan daiteke. Ez duzula arriskatzeko batere gogorik? Murgil zaitez orduan ‘Perlak’ sailean, Espainian estreinatu ez diren urteko film luze eta nabarmenduen aukeraketa da. Sail honetako filmek, kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzte nazioarteko beste zinemaldi batzuetan. Ideia bat egiteko, azken urteetan sail honetan ikusi ahal izan ditugu: Inglorious Basterds, Gravity, Argo, Children of men, Prisoners, Little miss sunshine, Babel eta abar. Bestalde esan behar da, film guzti hauen ibilbide komertziala askoz luzeagoa izaten dela (batzuk Oskar sarietara iritsi dira), eta ziur, zinema aretoetan ikusteko aukera ere izango dugula. Beraz, nire gomendioa da: izan zaitezte zertxobait ausartak!
Baina lasai, ez baduzue sail eta film horien guztien artean galdu nahi, eta segurola familiako kide bazarete, hemen duzue nire aukeraketa. Pelikulei txori-bista egin eta ikusteko modukoak iruditzen zaizkidan filmak gomendatuko dizkizuet. Izan ere, Zinemaldiaren berezko xarma hori, bi ahoko ezpata bat izan daiteke: ezezagunak diren film eta ekoizpenetan murgiltzean, ezusteko maisulanak aurkitu ditzakegu, baina baita film nekagarri eta aspergarriak ere. Ziur nago, egingo dizkizuedan galdera guzti hauen barruan aurkituko duzuela zuen txokoa:
1. Istorio dramatikoak gustuko dituzu, baina muinean eduki sozialak lantzen dituztenak?
Lehenengo geldialdia, La fille de Brest (Emmanuelle Bercot) film frantziarra ikusten egin dezakezue. Protagonista Sidse Babett Knudsen izateak (Borgen telesaileko Brigitte Nyborg ahaztezina) nahikoa erreklamo dirudien arren, trama ere interesgarria da. Irène Frachon medikuaren benetako istorioan dago oinarritua. Bertan kontatzen da zenbait heriotza susmagarriren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean dagoen lotura, biriketako espezialista batek egindako kontakizuna. Apur bat iparraldera joanez gero, Canneseko Urrezko Palmorriaren irabazlea topatuko duzue, Ken Loach zuzendari entzutetsuaren I. Daniel Blake filma hain zuzen. Bere ibilbidean praktikan jarri duen errealismo sozialaren beste adibide bat da. Bere ohiko gidoilariak, Paul Lavertyk, idatzia da, eta filmak bi biktimek aurka duten burokrazia-sistema batean biziko dituzten gorabeherak kontatzen ditu.
Goazen aurrera. Ezin genuen sail hau, herrialde nordikoetan geldialdirik egin gabe jarraitu. Johannes Nyholm zinegileak idatzi eta zuzendu duen lehenenengo film luzeak, Jättenek, sentsazio onak piztu dizkit. Malformazioak eta urritasun psikikoa dituen 30 urteko gizon baten ametsa kontatuko digu: Eskandinaviako petanka txapelketa irabaztea. Ibilbide dramatiko honen azken hiru geldialdiak egiteko, urrutira bidaiatu beharko dugu. Alde batetik Ewan McGregor eskoziarrak zuzentzen duen aurreneko film luzea ikusteko, American Pastoral. Philip Roth idazlearen eleberrian oinarritutako lana da, eta AEBtako familia baten bizimodua kontatuko digu. McGregor bera da filmeko protagonistetako bat. Bestetik, Yourself and Yours filma. Hego Koreako Hong Sang-soo zinegile entzutetsuaren lan berriak, Youngsoo eta Minjung bikotekideen arteko harremanak jasango duen aldaketa kontatzen du. Bere azken lanek hainbat sari eskuratu dituzte Cannes eta Locarnoko jaialdietan. Eta azkenik, nola ez, Donostian gehien estimatutako zinemagilearen lan berria; Hirokazu Koreedaren Umi yorimo mada fukaku: Tifoi baten erruz (esker), berriz ere bere familiarekin elkartzeko aukera emango dion gizon baten istorioa.
2- Thriller psikologikoa al da zure genero kuttunena?
Europatik mugitu gabe aurkituko dituzue kasu honetan, bi proposamen mamitsuenak. Alde batetik Frantzian, Paul Verhoeven zuzendari ezagunaren lan berria: Elle. Michèle (Isabelle Huppert), software enpresa bateko exekutibo arrakastatsu da, eta mendeku bila dabil, bere etxean ezezagun baten erasoa pairatu ostean. Eta bestetik, Islandiako hotzetatik, Trapped telesail bikaineko zuzendariaren lan berria: Eiðurinn/The Oath. Thriller psikologikoz mozorrotuta, Finnur izeneko arrakasta handiko bihotzeko zirujano baten istorioa kontatzen du. Haren familia-bizitza korapilatzen hasiko da Annak (alaba), droga-trafikatzaile batekin harreman kaltegarri bat hasten duen unean. Senargaiak gero eta kontrol zorrotzagoa ezarriko du Anna eta familia osoarengan, eta Finnur-ek neurri drastikoak hartu beharko ditu.
3- Estralurtarrak eta zientzia fikzioa maite dituzu eta ‘2001: A Space Odyssey’ zure film gustukoena da?
Arrival filma da zure aukeraketa orduan. Hasieran esan bezala, zure abizena Segurola bada, marka ezazu x-a izen honen ondoan. Izan ere, Denis Villeneuve zuzendari bikainak ez du orain arte lan txarrik zuzendu. Zientzia-fikzioko film hau Venezian lehiatu zen Urrezko Lehoia lortzeko, kritika bikainak jaso zituen. Ted Chiangen Story of your life izeneko kontakizuna du oinarri. Amy Adamsek antzeztutako hizkuntzalari bat da protagonista. Lurreratu berri diren estralurtar batzuek zer asmo duten jakin beharko du.
4-Nerabetasun garaian gertatzen diren istorioekin hunkitzen zara?
Bi izen apuntatu beharko dituzue orduan zure koadernoan. Batetik, Poloniatik datorren, Plac Zabaw. Bi mutiko arrunt entretenimendu bila ari dira udako arratsalde aspergarri batean eta, zoritxarrez, aurkitu egingo dute. Benetako gertaeretan oinarritua, drama hau gaztetxoen psikopatologiei buruzko azterketa gisa aurkeztu dute. Eta bestetik, Ira Sachs zuzendariaren lan berria, Little Men. Hamahiru urteko bi mutikoren adiskidetasun istorioa kontatzen du bertan.
5-Pixar estudioen filmek zoratzen zaituzte, baina animaziozko film desberdin bat ikusteko gogoa duzula?
Ez galdu orduan, Cannes-en Un Certain Regard saria jaso zuen La tortue rouge animaziozko filma. Irla bakarti batean abandonatutako gizon bat ihes egiten saiatuko da, egun batean bizitza aldatuko dion dordoka bitxi bat aurkituko duen arte. Eta Ma vie de courgette suitzarra. Amaren bat-bateko heriotzaren ostean, harrera-etxe batean amaituko duen Courgette izeneko ume baten istorioa azalduko digu. Bertan, adiskidetasuna, besteenganako konfiantza eta maitasuna aurkituko ditu.
6-Komedia sailkaezinak, pelikula desberdinak eta batez ere urteko sorpresak izan daitezkeenak ikusi nahi?
Bitxikerien menu honen hiru plateretatik lehena da Neruda, Pablo Larrainen film berria (lehengo urtean El Club ikaragarria ekarri zuen Donostiara). Canneseko Egileen Hamabostaldian estreinatu zuen bere azken lan hau, eta bertan kontatzen ditu 1948. urtean, Gerra Hotza Txilera heldu zen garaian, Pablo Neruda senatariak gobernuaren aurka egindako salaketaren ostekoak. Horren ondorioz, presidenteak forua kendu zion. Bigarren platererako, Todd Solonz zuzendari bitxi-sailkaezinaren, Wiener-Dog komedia dramatikoa aukeratuko nuke. Sundance jaialdian estreinatua, lau istoriok osatzen dute filma. Eta azkenik postre moduan, ‘milhojas’ gozo eta desiragarriena: Toni Erdman film alemaniarra. Urteko sorpresa horietako bat izan liteke. Cannesen FIPRESCI saria jaso zuen film honek, Ines du protagonista. Bucaresten bizi da, enpresa alemaniar batentzako lanean. Winfried, aita, bat-batean joango zaio bisitan, eta ustekabeko galdera bat egingo dio: ‘Zoriontsua al zara?’. Galderak Inesen bizitza hankaz-gora jarriko du.
7-Kalitatezko Euskal ekoizpenak ikusteko gogoz?
Arraroa izango litzateke, baina ez ezinezkoa, aurreko galdera guztiak, ezezko batekin erantzun izana, ados. Baina ziur nago Eusko Label etiketa duten istorio hauei ezingo diezuela uko egin. Eduardo Chillida artistaren ibilbidea errepasatuko duen Chillida: Esku Huts dokumentala adibidez. Edo Gaur irekiko ditu ateak, 2003an Audientzia Nazionalak euskeraz idatzitako egunkari bakarra ixteko agindu zuen: Euskaldunon Egunkaria. Egunkaria itxi eta bere zuzendaritzako partaideei ETAko kideak izatea leporatu zieten. 7 urte beranduago, epaiketan, salaketa horien zentzugabetasuna frogatu zen: akusatu guztiak absolbituak izan ziren. Dokumental hau ez da ordea bidegabekeria tamalgarri horien bilduma; lehenengo euskerazko egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua dauka hizpide. Aldiz zerbait desberdina eta freskoa ikusteko gogoz bazabiltzate, egin proba Pedaló izeneko ekoizpenarekin. Juan Palacios eibartar zinemagileak lan honekin egin du film luzeen esparruan debuta: bere hiru lagunek pedalontzi batean euskal kostaldean zehar egingo duten ibilbidea kontatuko digu, baita bidaia horretan zuzendaria bera murgilduko duen unibertso paraleloa ere. Itsasoa beharrean mendia nahiago baduzue, Mari Jose Barriolaren lehenengo ikus entzunezko lana izan liteke aukeraketa bikaina: GUtik ZUra. Zurean aditua, nekazaritzako ingeniari tekniko honek antzinarotik gaurdainoko ibilbide batean eramango gaitu, material horren, basoaren eta gizakiaren arteko harremanaren bitartez. Eta amaitzeko, dokumentalak alde batera utziz eta fikziora bueltatuz, Patxo Telleriaren Igelak. Komedia bat da, eta delitu ekonomikoengatik espetxeratu nahi duten Pelloren (Gorka Otxoa) istorioa kontatzen da ihes egin nahi duen banku bateko zuzendari batena. yy