Sail ofiziala orokorrean ahula iruditu zait, erregularra, baina indar gutxikoa. Sail honek hori dauka, aurretik txukunenak diruditen lanek kale egiten dutela eta dantzara inork gonbidatzen ez zuen filmak jasotzen duela sari preziatua. Sendoenak, Handia, El autor, Pororoca errumaniarra eta The Disaster artist iruditu zaizkit. Oso desberdinak, baina bakoitza bere eremuan ederki funtzionatzen dutenak. Erne beraz Garaño eta Arregiren ekoizpenarekin zeresana eman dezakeelako sariak banatzeko orduan.
Baina ofizialaz gain, gehien disfrutatu ditudan hiru sailak aipatu nahi nituzke, bertan topatu ditudalako aurtengo harribitxi distiratsuenak. Distiraz ari naizela, Perlak taldekoekin hasiko naiz. Hemen, urtean zehar munduko jaialdi desberdinetan sarituak izan diren filmak biltzen dituzte. Gehienak oso interesgarriak iruditu zaizkidan arren, sarkasmoz eta zinismoz beteriko gidoi bikaina duen Martin McDonagh-en Three Billboards Outside Ebbing eta Darren Aronofsky zuzendariaren Mother, proposamen erradikal baina era berean zoragarria; gorrotatu nahi, baina zeharo maitemindu nauena, anarkia pantailaz jabetu eta esperientzia zinematografiko harrigarria eskainiz. Eta Just la garde frantziarra izan dira boteretsuenak. Honen azken minutuekin gainera, jaialdi osoko une beldurgarrienak bizitzeko aukera izan dut. Zaintza konpartituaren eta biolentzia matxistaren inguruko hausnarketa gupidagabe eta basati hau, ileak puntan jartzeko gai izan da. Hiru filmak, zinemaldik at ere, urteko film onenen artean kokatuko nituzke.
Zabaltegi–Tabakalera, eta urteen poderioz geroz eta indar gehiago hartzen ari den Zinemira izan dira gehien gozatu ditudan beste biak. Lehenengoa, urteko zinema proposamen ezohikoenei zabaldutako lehiazko saila izaten da; atal honetan ez dago arau formalik, ezta gai-mugarik ere. Onerako ala txarrerako, inor epez uzten ez duten film horietakoak izaten dira. Horren eredu nabarmena, The Square proposamen suntsitzailea. Gorrotatu ala maitatu bakarrik egin dezakezun horietakoa. Hori da, Cannes zinema jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen ekoizpen bikain honekin, Ruben Östlund zuzendari suediarrak nirekin lortu duena, erabat liluratzea. Ezin dut ekoizpen hau burutik kendu.
Gehien disfrutatu ditudan hiru sailak aipatu nahi nituzke, bertan topatu ditudalako aurtengo harribitxi distiratsuenak.
Eta nola ez, urteko dokumental deskribaezinena Muchos hijos, un mono y un castillo espainiarra. Lan dibertigarri, ero, sinestezin eta surrealista honen protagonista absolutua, karisma harrigarria duen Julita dugu. Abiapuntuaren metxa, betidanik izan dituen hiru ametsei buruz hizketan hasten denean pizten da. Seme-alaba asko, tximu bat eta gaztelu bat. Horra hor umetatik izan dituen hiru ametsak. Sinestezina dirudien arren, hirurak betetzen dira.
Eta azkenik jakina ‘gure’ saila, Zinemira, euskal ekoizpeni eskainitako tartea. Film luze bat, dokumental bat, eta bi film labur izan dira gehien harritu nauten proposamenak. Fikzioari dagokionez Iñigo Garcia-ren Bi Txirula; orain bi urte, Pikadero filmarekin gertatu zaidan antzeko zerbait sentitu dut. Alegia, zerbait desberdina ikusi dudala, baina batez ere, arriskatzera jokatzen duten horietakoa da. Bizirauteko egin beharrekoaz eta bestelako mundu baten aukeraz hausnartzeko bidaia bat, baina txalotzeko moduko era batean kontatua. Dokumentala, aldiz, Elkarrekin-together interesgarri eta polita. Euskal arkeologo talde batek, AEBetako uharte batera eginiko espedizio bat azaltzen du. Bertan esperoko ez dituzten aztarna eta istorioak topatzeko intentzioz. Bi kultura ezberdinetako herritarren arteko lankidetza istorio bat, hain zuzen. ‘Elkarrekin jardunez gero zer egitera iritsi gaitezke?’ Galdera horri erantzun nahian jarriko dira ikusleak. Eta azkenik, istorioak denbora tarte txikietan kontatzea gustatzen zaien horien munduan sartu naiz. Kimuak katalogoaren barruan aukeraturiko bi film laburrekin. Lehena, Koldo Almandozen Plagan, txuri-beltz perfektu eta txukun batean grabatua, plano finkoez hornitua eta tartekatzen doazen irudi oso esanguratsuez osatua, XXI. mendeko izurrite baten inguruko gogoeta. Eta bigarren, Andres Daniel Sainz donostiarraren For the good times, Kris Kristoffersonen abestiari erreferentzia egiten dion laburmetrai honek, familian esaten ez diren gauzei buruz dihardu.
Ikusten duzue, beraz, denetik eta denentzat eginiko jaialdia izan dela. Emozioz eta sentimenduz beteriko errusiar mendi batean bidaia, gora eta behera. Dena den, sail desberdinetan kanabera botatzen ibili naizela bai, baina oraindik busti gabe. Gaur sari preziatuak gaur banatzen direla aprobetxatuz apusturako tartetxo batekin amaituko dut, orduan. Urrezko maskorra eramateko nire bi faboritoak: Euskal zinema geroz eta gehiago Handitzen ari diren Garaño eta Arregiren lan berria eta hasieran aipaturiko Pororoca.