Orain Presoak lelopean datorren urriaren 20an Donostian manifestazioa antolatu du Sarek eta atzo Hernaniko Sarek deialdia egin zuen bertaratzeko. Oharra zabaldu zuen manifestazioari atxikitzeko: «Komunikabideetan asko hitz egiten da bakeaz eta bizikidetzaz, baina borroka armatua desagertua egon arren, sufrimendu handia eragiten duen espetxe-politika aplikatzen jarraitzen du oraindik Madrileko gobernuak. Korapilo hori lehenbailehen askatzeko honako puntu hauek lehenbailehen konpondu beharrekoak direla uste dugu: Urruntzea. Astebururo 269 presoen senide eta lagunak gutxienez ehunka kilometro egitera behartzen ditu. Gogoratu 29 urtetan 16 hildako eta hainbat zauritu utzi dituela urrunketak errepideetan; Larriki gaixorik dauden presoek osasunerako eskubidea eta behar duten arreta medikoa bermatua izan behar dute; eta, legearen arabera, kaleratu egin behar dituzte; Europako legeriak dioena aplikatuz, estatu desberdinetan betetako zigorrak aintzat hartu behar dira; eta presoak lehenengo gradutik ateratzea. Ia euskal preso guztiak daude lehenengo graduan, eta legeriaren aurka doan neurria da».
Aurretik, beste ekimen batzuk ere egingo dira Hernanin
Hala ere ekitaldi desberdinak antolatu dira Hernanin urrian zehar. Urriaren 5ean bizikleta-martxa bat, 19:00etan, Zinkoeneatik. Urriaren 18an, kontzentrazioak egingo dira sarrera-irteeretan: Zikuñagan, Galarretan, Zinkoenean eta Txantxillan.