«Bi urte pasata lortu dugu Lizeagako Jai Batzordea sortzea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 29a, 02:00

2016. urtean, Gay Murreko patioaren lanengatik, urrian egin behar izan ziren festak, aurrenekoz. Gerora, data hori mantendu egin da. Nolatan?
Data horretan mantentzea era­baki genuen, ez zuelako bat egiten gainontzeko auzoekin. Gainera, garai honetan jende gehiago dago bai laguntzeko, eta baita festekin gozatzeko ere. 
Lehen, Madalenekin koin­tziditzen zuen, eta orain, San Migelekin. Ez genituen beranduago ospatu nahi eguraldiak okerrera egiten duelako, egunak motzagoak direlako...
Era berean, oporrak bukatu zirenetik ia hilabete pasa da, eta jendeak dagoeneko festarako gogo haundiagoa dauka, be­raz, partehartzea altuagoa da. 
Zentzu horretan, izena ere aldatu egin diogu, eta Mada­lena Jaiak beharrean, ‘Lizea­gako Jaiak’ dira orain.

Berrikuntzarik ba al da aurten?
Berrikuntza nagusia da festen iraupena murriztu egin dela. Lehen ostiraletik igande gauera arte izaten ziren; aurten, aldiz, igande eguerdian bukatuko dira, nahiz eta mus txapelketa igande bazkalosterako utzi dugun. Egia esan nahikoa berandutzen zitzaigun.
Atzoko haurren xake txapelketa ere bada nobedadea. Xakea oso estimatua da auzoan. Musika karroza ere berria da, auzoko adinekoek dantza pixka bat egin dezaten!

Herritarren aldetik, zer nolako erantzuna dute festek?
Jendeak festetan partehartzen du, baina gutxi laguntzen du. Dena den, bi urte pasata, lortu dugu Lizeagako Jai Batzordea sortzea, 14-15 kiderekin.
Era berean, egun horietan zehar jende gehiago egoten da laguntzeko eta parte-hartzeko prest!

Eta zer izaten da arrakastatsuena?
Jana dagoenean izaten da jen­de gehien. Esate baterako, bazkari herrikoierako 140 txartela ateratzen dira, eta ez dute egun bat ere irauten! Haur eta gaztetxoen ekintzek ere harrera ederra izaten dute.
Bestalde, igandeko tortilla lehiaketa ere arrakastatsua izan ohi da. 10-12 tortillekin hasi ginen, eta aurreko urtean 30 izan genituen! Gainera, ondoren, pintxoak egiteko erabiltzen ditugu sagardo dastaketan, eta hemen ere, jende as­kok hartzen du parte.

2016an ere, beste kontu garrantzitsu bat izan zen auzoan: Lizeaga 3.0 partehartze prozesua.
2016 urte osoan zehar izan zen prozesu partehartzailea. Eran­tzuna ona izan zen parte hartu zutenen aldetik; partaide ko­pu­rua, aldiz, urria.
Helburua zen armiarma-sarea sortzea auzoa eraberri­tzeko, Auzo Plazarekin hasiko zena eta beste hainbat proposamenekin jarraituko zuena, auzoa berrurbanizatzeko.

«Bazkari herrikoierako 140 txartela ateratzen dira, eta ez dute egun bat ere irauten!»

Azkenaldian fatxadak aldatzen ari dira etxe askotan.
Hori da arazoa. Egun, hirigin­tza ikuspegitik  auzoa berrurbanizatzen duten bakarrak bi­zilagunak dira. 
Duela 50 bat urteko hoditeria bera daukagu! Hirigintza osoa ere, garai hartakoa da. Hernaniko auzo ahaztua da, ‘vintage’ auzoa. Eta bitxikeria gisa, esan behar dugu auzo honetan lau alkate bizi izan direla!
Gure elkartearen izena ere hortik dator: Gibelalde, atzeko aldea. 

Hortaz, Auzo Plaza da aurreneko pausua. Nola dago eraberritzea?
Plazaren diseinua auzolanean egin ge­nuen, udaletxean aurkeztu genuen. 2017ko urriaren 2an, festen ondoren, hasi ziren hormigoia jartzen, eta hiru hilabete eman zituzten lanean. Baina udaletxeak ez du proiektua bere osotasunean errespetatu. Gure aldetik, auzolanean egin genuen muralaren zati bat; ideia da pareta osoan egitea, baina fatxaden eraberri­tzea dela-eta, geldituta dago. Hortaz, guk egin genezakeena egina dago; udaletxeak egin beharreko jarraipena, aldiz, geldirik dago, hau da, lorategia eta altzariak.
Beraz, ‘inpas’ batean gaude, espero genuena baino gutxiago egin da. Eta pentsatzen dugu: urtebete badaramakigu plazarekin, beste guztiarekin zer gertatuko da?
Hilabeteak daramazkigu plazan eseritzeko aukerarik izan gabe. Dena den, egia da orain dela plaza bat egon daitekeena. Orain gaztetxoak dabiltza futbolean, lehen ez bezala!

Etorkizuna nola ikusten duzue, beraz?
Nazkatuta gaude. Horregatik, udalarekin bilera bat ezartzeko zain gaude. Badakigu txapuza txikiak besterik ezin ditugula eskatu, obra haundirik ezin dela egin. Azken urteetan par­txeak egin dira, eta egin badira da, bertan egon garelako lata ematen. 
Hernani Erabakiri esker gauzatxo batzuk lortu ditugu; beti esaten digute prozesu ho­netara bideratu behar ditugula eskaerak, baina gure ustez oinarrizkoak dira, mantenimenduzkoak. 
Azken finean, etxeen mantenimendurako EATa (Erai­kinen Azterketa Teknikoa) ba­dago, kaleentzat zergatik ez?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!