Amuarrainak bezala, gazteak herri txikietatik hirietara daramazkien korrontearen kontra, Donostiatik Aranora mugitu ziren, orain urte eta erdi pasatxo, Ohiana Calparsoro eta Nerea Ansa. Bertan diseinu grafikoko estudio bat jartzea ere, ez zen ohikoena izan. Nolatan bukatu duzue hemen?, galdetzen zieten; «bikotea ginela uste zutela da gure teoria», diote. Baina badauka bere istorioa, beraiek dioten bezala: «Nerearen familia aranoarra da, baina beti bizi izan da Donostian. Diseinua elkarrekin ikasi genuen biok, eta orduan hasi ginen proiektuak konpartitzen, nahiz eta aparte bakoitzak bere lana zeukan. Kontua da, gure proiektuari eskaini nahi genizkiola indar guztiak, horretan zentratzeko apustua egin. Baina noski, Donostian zure proiektua eduki, independientea izan... Ez genekien proiektuak zein etekin eman zezakeen», ekarri du gogora Ohianak.
Eta puntu horretan azaldu zen Arano: «nire familiak etxe bat zeukan hutsa herrian, eta hasieran, garagardo artean komentatu genuen, Aranora mugituko ote ginen... Baina broma eta broma, ia bi urte daramazkigu hemen», dio Nereak.
Sormenerako «oso espazio ona» dela diote biek: «beste giro bat daukazu hemen. Oso inguru lasaia da, sekulako isiltasuna dago, ez zaizu inor etortzen molestatzera, taberna bakarra dago eta astez askotan itxita... Beraz, ez daukazu distrakziorik. Noski, ematen du hori horrela izango dela, baina gero hemen zaude eta edozerekin distraitzen zara; txakurrak ateratzera goaz, edo baratzean aritzeko laguntza eskatu digute, edo frontoia hemen ondoan dagoela… Azkar aurkitzen duzu beste edozer egiteko aitzakia!».
Bezeroak lortzeko, ordea, bila atera behar dute, eta hori gehiago ari zaie kostatzen: «ez gara komertzialak, baina moldatzen gara. Orain, ari gara Goizueta edo Leitzara ere jotzen. Esaterako, Mendialdea Mankomunitatearekin ari gara lanean».
«Oso herri berezia da; hemen dagoen bakea da...»
Ohianak onartu du, «ikaragarri» gustatzen zaiola herria: «niretzat, hona etortzea izan ziren estimulo berri pila bat. Naturarekin harreman zuzena, jende oso desberdina, oso irekia eta gertukoa… Eta hemen dagoen bakea da... Oso herri berezia da. Badauka bere piña, baina aldi berean, independentzia daukazu nahi duzuna egiteko. Eta urtaroak beste modu batera bizitzen dituzu. Donostian, negua negua da, eta udara udara. Baina hemen, nabaritu egiten dituzu; pila bat aldatzen da herriaren dinamika, kalean entzuten dituzun zaratak...».
Nereak, bere aldetik, nabarmendu du sekula imajinatu ere egingo ez lituzketen gauzak egin dituztela bertan: «sagarrak bildu eta sagardoa egin, txerri hilketa, gazta egiten ikasi, egurra moztu tximinia pizteko... Herriak sekulako harrera egin zigun, eta denerako oso ongietorriak izan gara».
«Oso momentu onean iritsi ginen Aranora»
«Lienzo txuri bat» bezala definitzen du Ohianak Arano: «oso momentu onean iritsi ginen. Gu etorri eta bederatzi hilabetera edo, Maisuenea ireki zuten. Eta hori sekulako aukera izan da; edozer egin dezakezu, eta dena da ongietorria, denak dauka harrera ona. Udalak guztion eskura utzi zuen, eta bakoitzak, dakiena eskaintzen du bertan; gitarra ikastaroa dela, yoga ikastaroa dela... Guk, haurrentzako tailer bat antolatu genuen gabonetako postalak egiteko, musika esperimentalarena beste bat... Logoa eta kartelak ere egin genizkion Maisueneari, eta gauza berezi bezala, arbela. Kontseju parean badago panel bat, kartelak eta jartzeko; eta beste aldea erabat utzita zegoenez, pizarra pinturarekin margotu genuen, Maisueneako izena idatzi, eta bertan egingo den edozer, arbelean iragarri daiteke, tiza hutsarekin. Maisuaren etxea zen berez, eta hortik, edozein maisu izatera gonbidatuko duen espazio batera bideratu nahi zuen Udalak. Horregatik, maisu baten letraren antzeko batekin egin genuen logoa; eta arbela kalera atera genuen», azaldu dute.
Saltsa guztietan sartzekoak dira biak: «herrira iritsi eta aurreneko gauza, jai batzordean sartu gintuzten, inauteriak laster zetozela eta. Baina hasieran, denera berandu iristen ginen. Izan ere, jendeak bere martxa hartuta dauka, eta bakoitzak badaki bere zeregina zein den urtero, festetan. Izan ere, jendea oso nekatuta dago, baina oso langilea da. Eta zu konturatu gabe, bat-batean gauzak atera egiten dira. Urtero egiten dute, eta ez zaie esan ere egin behar. Gogoratzen naiz aurreneko urtean, festetarako bi edo hiru aste geratzen zirela, eta zein arraroa, inork ez zuela oraindik ezer esan. Ea nola antolatuko ginen galdetu, eta dagoeneko bakoitzak berea eginda zeukan. Horregatik, aurten askoz ere lehenago hasi gara, galdetzen, proposatzen eta mugitzen. Eta pixka bat xaxatuz gero, sekulako erantzuna ematen dute».
Onddoak protagonista, aurtengo San Martinetan
Jalki kultur elkartearen sorreran ere hartu zuten parte, Ohianak eta Nereak; eta astearte honetan bertan egin dute aurreneko bilera, ikasturtea planifikatzen hasteko: «Landa Eremuko Emakumeen Egunean, urriaren 15ean, zerbait antolatu nahi dugu Aranon; eta San Martinetan onddoen inguruko tematika izango dugu. Jendea otarrarekin joan beharrean, poltsarekin joaten da, bat bera ere hartu ezean, buelta bat ematera soilik joan direla esateko. Baina plastikozko poltsarekin joatea ez da ona. Horregatik, otar tailer bat antolatu nahi dugu, paper birziklatuarekin. Eta sustatuko dugu sarezko poltsak eramatea, plastikozkoak beharrean».
Hala ere, diote «kontuz» ibili behar dutela, saltsetan sartu bai, baina erre gabe: «garrantzitsuena da, dagoena mantentzea baina modu bideragarri batean. Zaila da gauza berriak antolatzea, edo egiten dena beste modu batera egitea. Aurten lortu dugun haundiena izan da, jaietatik animaliak kentzea. Hor bota genituen gure izerdiak… Izan zen esatea, batzuetan gauzak aldatu behar direla. Esaten zuten haurrengatik egiten zutela; beraz, haurrei utzi genien bozkatu eta erabakitzen, eta zirku tailerra aukeratu zuten. Eta izan zen garaipen totala! Frontoia bete-betea, koloretsu, haur eta guraso, haundi eta txiki elkarri laguntzen taldeko ariketetan… Izugarri polita izan zen», gogoratu dute.
Mahai jolasa sortzen
Baina saltsa guztien aurretik, diseinu grafikoko zerbitzuei eskaintzen diete eguna: kartelak, katalogoak, gonbidapenak, komunikazio estrategiak, animazioa... Eta bezeroek eskatutako lanetatik harago, proiektu propio bat ere badaukate: «mahai jolas bat sortzen ari gara, sasoian sasoiko barazkiak zein diren ikasteko. Izango dira jokalariak satorraren kontra; ea lortzen duzun barazkiak biltzea, edo satorrak irabazi eta lur guztia izorratzen dizun. Azkenean, zure bezeroaren beharrak asetu behar dituzu, baina artista bezala, zure beharrak ere asetu nahi dituzu. Aranora etortzean, nahi genuen erabaki gure bizitzarekin zer egin, bizitzaren ahalik eta esparru gehienetan. Hori da gure esentzia pertsonala, Alai Ondo estudioarena, eta hori gure lanetan ere nabaritu egiten da. Saiatzen gara proiektu bakoitzari bere esentzia ateratzen».