«Behar guztietara egokitu daitezke autoak, baina araudiaren arabera; ez da ‘barra librea’»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 29a, 02:00

Gaur egun gero eta ohikoagoak dira autoen transformazioak; furgonetetan bereziki. Baina eraldaketa guztiek, homologatuta egon behar dute, eta ITVa pasa behar dute, ibilgailuaren fitxa teknikoak txertatzeko egin zaion aldaketa.

«Auto bakoitza modu batera dago fabrikatuta, homolo­ga­zio kontraseñaren arabera. Diseinuak orokorrak dira, bai­na jendeak, behar berezi batzuk dituelako, erreforma batzuk egin nahi izaten ditu», azaldu du Igor Iparragirrek, Ibilkom enpresakoak. Zentzu horretan, dena da posible; ez edozein modutara, ordea: «ez da barra librea, araudiak dio transformatu daitekeela, baina Erre­for­men Manualaren arabera; bestela, arriskutsua izan daiteke transformazioa egiten duenarentzat, eta besteentzat».

Transformaziotik ITVa pasatzeraino, prozesu osoa
Behin transformazioa eginda eta laborategi batek homologatuta, ITVa pasa eta fitxa teknikoan txertatzean bukatzen da prozesua. Eta prozesu hori guztia egiten dute Ibilkomen, ha­sieratik bukaerara: «erreforma egiten dugu fisikoki, eta era berean, dokumentazio osoa prestatzen dugu, homologazioa egiteko; erreforma nola egin den, idatziz eta elementu grafikoekin azalduta. Gainera, montatzen diren elementu guz­tiek ere, aurrez homologatuta behar dute. Dokumentazio guz­tia bilduta, laborategi ofizial batera bidaltzen dugu, eta han onartzean, adostasun txostena jasotzen dugu bueltan. Horre­kin, ITVra joaten gara, eta dena prest dagoenean bueltatzen diogu furgoneta jabeari, prest», azaldu du Iparragirrek.

Elbarrientzako adaptazioak eta furgoneta kanperizatuak
Mota askotako transformazio­ak daude: ibilgailu industrialenak, haundiak, ertainak, txiki­ak, anbulantziak... Ibilkomen, bi motatakoak egiten dituzte: elbarrientzako egokitzapenak, eta aisialdirako furgoneten kanperizazioak.

Aurreneko kasuan, elbarri­a­ren araberakoa izango da trans­formazioa; zein behar dituen eta zer nahi duen. Horrela, izan daiteke elbarriak gidatu nahi izatea, eta beraz, gidatzeko elementuak aldatu behar zaizkio; merkatuan daudenak egokitu, daukan elbarritasunaren arabera. Aldiz, elbarriak ez badu gidatuko, autora igotzeko eta eserita joateko elementuak beharko dira: «baina ranpa bat eta aulkiarekin sartzeko espazioaz aparte, badaude beste au­kera batzuk. Aulkitik eserlekura igotzen laguntzeko tresnak, adibidez, ez dadin autoaren atzeko aldean joan». Eta era be­rean, tresnak daude, garra­io­rako elementu horiek, gurpildun aulkiak esaterako, modu egokian eramateko. «Beharrak eta zailtasunak aztertu, eta be­rarentzako egokiena au­ke­ratu behar da», dio Iparragirrek.

Aisialdirako furgoneten ka­suan, berriz, behar eta gustu guz­tietarako elementuak dau­de. Furgoneta txiki eta ertainetan egiten dituzte transformazioak Ibilkomen: «aurreneko pausoa eta garrantzitsuena, da erabakitzea nola antolatuko dugun espazioa. Guk lau antolaketa desberdin dauzkagu, lau perfil ezberdinetara bideratuta: haurrekin kanpinera joango den familia, mendira joan nahi duen bikotea... Behin hori aukeratuta, beharren araberako moduluak daude aukeran. Sukalde bat jarri daiteke, dutxa bat, hozkailua... Instalazio elek­trikoak eta uraren instalazioa ere egiten dugu, sabaia altxa­tzeko modukoa jarri lo egiteko, edo bizikletak eramatekoak jarri. Denetik egin daiteke furgoneta batean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!