Hernanik partidu benetan garrantzitsua jokatuko du bihar, 12:00etan, Vilajoyosan (El Pantanon) la Vilaren aurka. Heineken Ligako partidua izateaz gain Koparako ere baliogarria da. Hernaniri zozketan La Vila eta Gernika tokatu zitzaizkion aurkari bezala, eta biharko norgehiagoka irabazteak sari bikoitza izan dezake.
Alde batetik, Ligan puntu garrantzitsuak batuko lituzke aurkari zuzen baten kontra eta bide batez pasa den asteko emaitza ahazteko balioko luke. La Vilak lehendabiziko partidua irabazi zuen Complutenseren zelaian eta bigarrena galdu egin zuen etxean, Aparejadores Burgosekin. Hernanik lehenengo garaipena nahi du eta buru-belarri aterako dira zelaira, lortu dituzten emaitzei buelta emateko asmoz .