Pelotako Munduko Txapelketan izango da Oier Gurutzealde astigartarra. Bartzelonan jokatuko da, urriaren 14tik 20ra, eta Espainiako selekzioak aukeratu du Gurutzealde, trinketean aritzeko, eskuz banaka.
Bertan elkartuko dira, munduko espezialista onenak; guztira, 14 herrialdetako 300 pelotari baino gehiago, lau modalitatetan: pala eta paleta, esku pelota, zesta punta eta frontenisa. 160 partidu baino gehiago jokatuko dituzte, Vall d’Hebron eta Bac de Rodako frontoietan.
Gurutzealde, zehazki, Vall d’Hebroneko frontoi olinpikoan ariko da, urriaren 15ean hasita. Bi multzotan banatu dituzte partehartzaileak, eta Mexiko eta Uruguayrekin tokatu zaio Gurutzealderi. Beste multzoan, berriz, izango dira Frantzia, Kuba eta Bolivia.
Mexikoren kontra jokatuko du estreinakoa Gurutzealdek, urriaren 15ean, 10:00etan hasiko den jaialdian bigarren partiduan. Ligaxkako beste partidua, berriz, urriaren 17an izango du, Uruguayren kontra, goizeko 10:00etan hasita bigarren partiduan hori ere.
Aurrera eginez gero, urriaren 18an jokatuko du semifinala, goizeko 09:00etan; eta urriaren 20an izango da final haundia, eguerdiko 13:00etan.
Espainiako Kopa gaur zortzi, Bartzelonan bertan
Lehenago ere izango da Bartzelonan, astigartarra, Mundialean erabiliko duten trinketea ezagutzen. Izan ere, Espainiako Kopa jokatuko du bertan, datorren asteburuan.