Arratsaldeko 17:00etan jarri dute zita gaur, Akolako atsedenlekuan, Putzuzarko putzuak auzolanean konpontzeko.
Akolatik 25 bat metrora dago Putzuzar. Uraska eta bi putzuk osatzen dute. Lur azpiko iturburuko ura biltzen da uraskan, eta garai batean, balio zuen ganaduak ura edateko edota arropak garbitu eta etxeetara ura eramateko. Orain bost urte Aranzadi Zientzia Elkarteak martxan jarritako Ziraba proiektuaren bueltan berreskuratu zen uraska, eta bi putzu berri ere sortu ziren. Gaurkoan, putzu horiek konponduko dira.
Afari-meriendaren ondoren, Saratsetako lepora
Auzolanean Putzuzarko putzuak konpondu ondoren, afari-merienda egingo da elkarrekin, nork bere etxetik eramandakoarekin, eta ondoren, Saratsetako lepoan behaketa astronomikoa egingo da.
Gaurko ekintzetan parte hartzeko aurretik eman behar zen izena.