Arreta beheko kategorietan, haur eta gazteetan, jarrita hasi du ikasturte berria, Mundarroko saskibaloi taldeak. Izan ere, emaitzak baino gehiago, gaztetxoen talde horiek bermatu eta sendotzea dute helburu: «ideia nagusia da, beheko kategoriak indarberritzea. Gustatuko litzaiguke, gero eta haur eta gazte gehiago etortzea, saskibaloian aritzera», diote Txomin Elorzak eta Asier Sanchez Santxok, taldeko koordinatzailetako bik.
Zazpi talde izango ditu aurten ere, Mundarrok; baina bada aldaketa bat: iaz mutilen bi talde zeuden juniorretan, eta aurten bakarra izango da, bestean jokalari gehienek seniorretara eman dutelako pausoa; baina aldiz, mutil kadeteen talderik ez zen iaz aurreko denboraldian, eta oraingoan bai, lortu dute osatzea.
Hori horrela, nesketan izango dira kadete mailako talde bat eta seniorren beste bat; eta mutiletan, infantiletan, kadeteetan eta juniorretan talde bana, eta seniorretan bi.
«Talde batzuk oso juxtu dauzkagu, mutil infantilena esaterako; eta ea besteren bat animatzen den. Baina behintzat, kategoria guztien eskailera osatuta daukagu mutiletan. Neskak dira erronka nagusia», nabarmendu dute.
Berri pozgarririk ere bada: «lehen, jokalari gehienak La Salle ikastetxetik etortzen ziren; baina azkeneko urteotan, Astigarragatik gero eta jende gehiago etortzen hasi da. Talde batzuetan, astigartarrak dira gehienak», azaldu dute.
«Saskibaloi eskolari eman nahi diogu indarra, bereziki»
Baina talde horietaz gain, indar berezia eman nahi diote aurten, saskibaloi eskolari: «LH3 eta LH6 arteko haurrentzat da, eta pixkanaka haur gehiago apuntatzea nahi dugu; hala bada, gero goragoko taldeak ere indartuko ditugu eta. Badakigu gaur egun zabala dela kirol eskaintza, eta ahalik eta erakargarriena den zerbait eskaini nahi dugu. Giro on batean eta saskibaloia erakutsiz, jendea formatzea ere bilatzen dugu; alegia, saskibaloiaz aparte, hezkuntza minimo bat ere eskaintzea», diote.
Izan ere, balio garrantzitsuak transmititu nahi dituzte, saskibaloiaren bitartez: «partaidetza egokia sustatzea, talde lana bultzatzea, amankomuneko helburuak izatea, konpromisoak hartzea... Eta baita beraien oinarrizko gauzak ere, xinpleagoak diruditenak baina txorakeriak ez direnak; puntualtasuna, gauzak zuzen eta ondo egitea, taldekideei laguntza eskaintzea...», diote.
Saski eskolarako, orain dago izena emateko epea zabalik, eta kiroldegian daude apuntatzeko fitxak. Urriaren 1etik aurrera izango dituzte saioak, astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara.
Igoera neskek eta mailari eustea mutilek, helburu
Senior mailako taldeei dagokienez, helburu desberdinak izango dituzte. Gipuzkoako 1go mailan ariko da mutilen talde bat, German Cearen esanetara: «batek daki zenbat urte daramazkien, hamarkadak! Ni txikia nintzela, berak entrenatu zidan!», dio Elorzak. Beteranoak, urteak daramazkitenak, eta jokalari gazteak, juniorretatik igo berriak, izango dira taldean; Santxo bera tartean. Eta helburua, mailari lasaitasunez eustea: «kalitatea eta jokalariak badauzkagu, horretarako arazorik ez izateko. Baina ez daukagu igoera lortzeko pretentsiorik. Polita izan daiteke final fourra jokatzeko sailkatzea, adibidez».
Urte ezberdina espero dute, iazkoaren aldean, neskek. Gipuzkoako bigarren mailara jaitsi ziren, eta aurten, Aitor Lopezen esanetara beste behin, lehenengo mailara igo nahi dute berriro: «iaz berriak ziren gehienak, baina aurten gehiago apuntatu dira; aspaldi jokatutako batzuk, gazteak diren beste batzuk... Talde heterogeneoa da, baina indarra hartu duena», dio Elorzak.
Eta iaz hirugarren mailara jaitsita, igoera du helburu, mutilen bigarren taldeak ere. Horretan, jokalari da Elorza, eta entrenatzaile Santxo.